Urte guziz bezala, Pazko astelehenez Idazleen Biltzarra iragan da Saran. Orotara 120 idazlek parte hartu dute, eta gutti gora behera mila pertsona hurbildu dira egun osoa. Hor ikusten ahal ziren Sarako artisten obrak: Brigitte Sasias (markoak, kartoiztatuak); Amélie Sasias (edertzapenak); Monique Maumy (mosaikoak); Helène Béristain, Sylvie Laussucq (joskintzak); Mariano Arieta, Jacqueline Barboure, Claude Cariou, Bixente Garcia, Michel Acala, Georges Labrosse, Rilaine Peloffi, Jean Pouyet, Jacqueline Winter (margoak) eta Olivier Roussel (eskulturak).
Bertzalde Jacques Antz saratarrak, bi liburu aurkeztu ditu, bat «Autrefois Sare» deitua, Sarako argazki zaharrekin egina eta bestea «Frontière Contrebande Ventas de la Bidasoa à Dancharia». Jean Pierre Etxeberrik, Sarako apezak, «Izarra gidari» liburua ateratu du egun hortan. Jexux Elosegik argazki multzo bat ere aurkeztu zituen ere «Sara eta Saratarrak 1936-1940 urteetan» gaiarekin, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Lazkaoko Beneditarren Artxibategiak prestaturik.