Bertso afaria eta gaupasa eginen dira maiatzaren 6an

ttipi-ttapa 2006ko uztailaren 24a

2006ko San Juan bestetarako gero eta gutxiago falta da. Parrandarako gogoa duenak ordea, izanen du lehenagotik ere egiteko aukera. Larunbat honetan, urrunago joan gabe, maiatzaren 6an, zikiro jatea eta gaupasa izanen dira herrian.

Afariak gaueko 9ak aldera eginen da, herriko pilotalekuan. Afaltzeko zizka-mizkak, zopa, piperrada, zikiroa, postrea, kafea eta kopa izanen dira. Mahaian ez da ez bertsorik ezta umorerik ere faltako, Jexux Mari Irazu eta Nafarroako bertsolari txapelketan irabazle suertatu berri den Xabier Silveiraren eskutik.

Afalondoan hasi eta goizalderarte Jalisko Band taldeak joko du herriko plazan. Dudarik ez dago jendez beteko dela herria, egitarau zabala ikusita.

Afarirako txartelak, 28 euroan honako ostatu hauetan daude salgai: Saldisko Herriko Ostatua, Ezkurrako Barranka, Doneztebeko Cafe eta Titi eta Leitzako Musunzar. Txartelarekin, afaritik kanpo kontsumizio bat izanen da doan. Gaupasara etorri nahi duenarentzat sarrera librea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun