Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak urtero antolatzen duen Udaberriko Bira apirilaren 22an abiatu eta ekainaren 26ra arte eginen da. Ekimen honekin, 200 eta 1.000 biztanle artean dituzten Nafarroako 71 herrietara ekitaldi artistiko eta kulturalak ailegatuko dira. Eskualdeari dagokionez, Arantza, Areso, Beintza-Labaien, Donamaria, Igantzi, Narbarte eta Zugarramurdira ailegatuko dira ekitaldiak. Baina kultura hartu ez ezik esportatu ere eginen dugu eta Baztango dantzariek, Lesakako musika bandak edo aurten hamar urte egin dituen Doneztebeko Mendi abesbatzak beraien emanaldiak eskainiko dituzte herriz herri. Hasteko, apirilaren 22an, Aresoko udaletxean antzerkia izan zuten. Pasadas las cuatro taldeak «Ateak edonon sortzen direnean» antzezlana eskaini zuen. Egun berean, aurten hamar urte egin dituen Doneztebeko Mendi Abesbatzak emanaldia eskaini zuen Berbinzanako elizan. Hurrengo asteburuan, apirilaren 29an, Igantziko Baratzondoa Zahar Etxean eskaini zuen Pasadas las cuatro taldeak «Ateak edonon sortzen direnean» antzezlana.
Antzerkia, zinea
Egia errateko, eskaintza ez da hagitz zabala izanen gure eskualdean, antzezlan hau bertze hiru herrietan ere ikusiko baita datozen asteetan: Donamariako frontoian maiatzaren 13an, 19:45etan; Zugarramurdiko ospital zaharrean, maiatzaren 20an, 18:30etan eta hilaren 21ean Narbarteko plazan, 18:00etan. Maiatzaren 20an, Beintza-Labaiengo elizan “Txoritxoak” pelikula eskainiko da elizan 20:30etan. Azkenik, ekainaren 25ean, Lesakako musika bandak emanaldia eskainiko du Arantzako plazan eguerdian. Baztango dantza taldeari dagokionez, Liedenako frontoian eskainiko du bere emanaldia ekainaren 17an, 17:30etan.