Otsailaren 8an hasi zen Doneztebeko Erreka elkarteak laugarren urtez antolatutako eskuz binakako pilota txapellketa. Aurten ere, benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil eta senior elite mailako pilotariak arituko badira ere, joan den astean bakarrik elite mailakoak hasi ziren. Kategoria ttikienetan izen emateko epea, aldiz, otsailaren 17a arte zabalik izanen da, 948 450857 fax zenbakira igorriz. Partidak Doneztebe eta Sunbillako pilotalekuetan jokatuko dira. Asteazkenetan, kadete, jubenil eta senior mailako partidak jokatuko dira bi frontoi horietan. Benjamin, alebin eta infantil mailako partidak, berriz, Donezteben jokatuko dira larunbat goizetan. Finalak Donezteben jokatuko dira maiatzeko lehen hamabostaldiko bi larunbatetako batean.
Berrogei bikote bikain elite mailan
Elite mailari dagokionez, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko afizionatuetako pilotari hoberexkoenekin berrogei bikote osatu dituztela aipatu digu Patxi Ordoki arduradunak. Eskaileraren lehendabiziko koxkan, Fernandez eta Agirre 6-22 galdu zuten Olangua eta Urzainkiren kontra; Etxeberria eta Xanti Arraztoak 22-19 irabazi zieten Villanueva eta Tabar-i; Lopetegi eta Legarrak 9-22 galdu zuten Alegria eta Lopetegiren kontra; Lazkoz eta Antxo 22-8 irabazi zieten Perez eta Xabi Apezetxeari; Garcia eta Pinak 19-22 galdu zuten Beregaña eta Razkinen kontra; Osinaga eta Mujikak 4-22 galdu zuten Ongay eta Beteluren kontra; Etxepare eta Ezkurrak 22-12 irabazi zieten Urtxipia eta Iratzebururi eta Razkin eta Indurainek 22-7 irabazi zieten Flores eta Zornotzari Irabazleek otsailaren 15ean jokatu behar zuten Dominguez-Irañeta, Zabala-Jauregi, Etxebeste-Baez, Urtasun-Oroz, Zufiaurre-Girones, Gartziandia-Aldaz, Armendariz-Astiz eta Erroizenea-Arrutiren kontra, hurrenez hurren. Otsailaren 22an, jokoan sartuko dira Aranburu-Argote, Iraola-Otxotorena, Renovales-Galarraga, Zubieta-Elizalde, Tainta-Iparagirre, Zerezo-Igor Apezetxea, Etxeberria-Irurita I eta Urrutia-Okiñena. Eskailera-buruan, martxoaren 1ean, zortzi bikote bikain daude esperoan: Irigoien eta Xabi Arraztoa (ASPErekin aurrekontratua duena); Belloso-Oteiza (DV txapeldunak); Olaetxea-Zapirain; Azpiroz-Zabalo; Mikelperizena (Huarteko lau terdiko txapelduna hiru aldiz)-Etxegarai beratarrak; Ontsalo-Azanza; Altzugarai-Eraso eta Azagirre-Irureta. Final laurdenak martxoaren 8an Donezteben eta finalerdiak martxoaren 15ean Sunbillan jokatuko dira. Finala, bertze kategoriakoekin batera, maiatzean jokatuko da Donezteben.