Urte guztian esperoan egoten garen inauteriak jada pasa dira. Astelehena eta asteartea egun politak izan ziren eta joaldun eta karroza ugari ikusi ahal izan ziren plazan. Aurten denetara 54 joaldunek ibilbidea zintzo bete zuten; 24 iturendar, 12 aurtiztar eta 16 Zubietar. Urtero bezala, hainbat bisitari izan ziren bi herrietan joaldunen joan-etorriak eta mozorroen «astakeriak» ikustera etorriak. Mozorroetan ere denetarik ikusi zen: Sansonen harria, guardia zibilen patrola olentzeroa ebasten, hegaztien gripea… Iturenen, larunbatean, otsailaren 4an akitu zituzten inauteriak. Egitarau zabala prestatua zuten egun horretarako, 13:00etan herriko dantzariek beren dantza saioa eskaini zuten eta akabailan omenaldi ttiki eta xume bat ere izan zen, Miguel Makuso herriko txistulariari. Aurreskua dantzatu eta Joxe Mari Fagoagak egindako bertsoa abestu zioten bi dantzarik. Ondotik, Olasagasti eta Nazabal aizkolarien txanda izan zen. Bi ekitaldi haiek ospatu ondoren Herriko Etxeko ganbaran kontu bazkaria eta afaria egin zuten. Bertan Amuriza eta Irazu bertsolariek eta Mikel Salaberri akordeoilariak giro ederra jarri zuten. Aurtizkoek berriz Larunbatean “zahar afaria” egin zuten eta 70 lagun bildu ziren elkartean. Joxe Angel akordeoilariarekin besta goizalde arte luzatu zen. Igandean berriz, kontuen bazkaria egin zen. Inauteriak luzeak izan arren pena haundiarekin bukatu dira.