Inauteriak geroztik egun dexente pasatu badira ere, gure herrian izaten diren urteko ekitaldirik garrantzitsuenetarikoak ezin ditzakegu lerro hauetan aipatu gabe utzi. Ostiralean gazteen ohiko eskea hasi zen, arratsaldean haurrendako berendua eta dantzaldia eta gauean emakumeen afarian 110 emakune bildu ziren Ulibeltzak elkartean guztiak mozorroturik eta giro ederrean. Biharamon arratsaldean, haurren mozorro besta izan zen, karaoke eta guzi, eta igande goizean karrozen desfilea egin. Urtero ateratzen diren tortilla, salda eta opillak banatzen dituzteen karrozei, Sunbillako kaldereroak, Formula 1, El gran juego de la oca, Moto GP, Troyako zaldia eta gaztelua, Sunbillako putz gerra, Indio talde bat eta ACDCren kontzertuak jarraitu zioten. Desfilea bukatu bezain laster, txerriaren eta bildotsaren zozketak egin ziren. Txerria, Maria Angeles Mutuberriari suertatu zitzaion eta bildotsa berriz, Maider Petrirenari, biak herritarrak. Egun hauetarako, Itturburu ostatuan infernua irudikatu zuten, Fondan espazioa, Bustitzen Oestea eta kanpinean konbentu bat. Lan dexente hartzen dute ostatuek hori egiten eta inaute giroa indartzen.