Eskoletako Guraso Elkarteak ekimen bateratuak egiten hasi dira

ttipi-ttapa 2006ko uztailaren 24a

Bortzirietako Toki-Ona Institutuko eta eskola guztietako Guraso Elkarteak biltzen hasiak dira, amankomunak dituzten gai batzuk lantzeko asmoarekin. Joan den ikasturtean institutuak «Ate Ireki» jardunaldia antolatu zuen Bortzirietako Udalei zuzenduta. Bertan, eskualdeko Hezkuntza Proiektu bat egiteko ideia plazaratu zen, non ikastetxeetaz gain, parte hartuko zuten Udalek, mankomunitateek, elkarteek eta gainontzeko erakundeek. Proiektu hau modu «ofizial» batean abiatzen den bitartean, Guraso Elkarteek zerbait egiteko asmoa dute eta 2005 urteko hondar aldetik biltzen hasiak dira. Azkeneko bileran ekintza konkretu bat egitea adostu zen. Igerilekuak dituzten lau udalei eskaera berezi bat egin behar zaie: 18 urtetik beheiti dituzten neska-mutilek Bortzirietako edozein igerilekutan sartu ahal izatea, edozein igerilekuko bono-txartela erakutsiz. Udan, gazteen arteko erlazioa nolabait mozten dela eta, harreman hori mantentzeko aukera bilatzea da otsailean udaletxetan aurkeztuko den eskari honen helburua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun