Hainbat herritan iñauteriak pasatu dira dagoeneko. Gurera berriz, otsailaren azkeneko egunetan ailegatuko dira. Ortzegun gizenarekin emanen diogu aurtengo iñauteriei hasiera, otsailaren 23an. Herriko ttikienak izanen dira protagonista lehenbiziko egun honetan.
Etxez etxeko eskea eta antzerkiak
Goiz-goizetik etxez etxe eta baserriz baserri ibiliko dira “Ortzegun gizen” koplaren laguntzaz “zingar eta arraultzeak” biltzen. Arratsaldean berriz, bazkaldu bezain abudo plazan izanen dute hitzordua. Herriari buelta emanen diote azken asteetan prestatzen aritu diren antzerkiak herriko jendearen aitzinean antzezteko. Urtero bezala plazan hasi eta kalejiran ibiliko dira trikitilarien laguntzaz, herriko hainbat lekutan geldialdiak eginez. Eguna akabatzeko, berendua izanen dute Guraso Elkartearen eskutik.
Astelehenean gazteen txanda
Otsailaren 27 eta 28an hartuko dute txanda gazte eta helduek. Astelehena baserriz baserri eskean ibiltzeko eguna izaten da. Aurten, iaz bezala, goizeko 8:30tan bilduko dira eskean ibiliko direnak. Elutsa ostatuan eginen dute gosaria. Ondotik, goiko auzoetan (Lakain Apezborro, Gorosurreta eta Lurrizti ederra) eta behekoetan (Urritzokieta, Larrapil eta Orizki) banatuko dira. Talde bakoitza trititilari bikote batekin ibiliko da eskean. Eguerdi partean, azken urteetan ohitura bihurtu den bezala, goiko auzokoek Santsiñeneko bordan bazkalduko dute eta beheko auzokoek Armitxen. Behin indar berrituta azkeneko txanpari ekinen diote arratsaldean eta gelditzen zaizkien baserrietara joanen dira iñaute giroa eramatera. Ilunabarreko 8ak aldera ailegatuko dira herrira eta Anttonion eginen dute afaria. Ondotik, gorputzak irauten duen arte luzatuko dute besta.
Karrozen desfilea asteartean
Asteartea, otsailak 28, iñauterietako egun nagusia izanen da. Zahar eta gazte, mozorrorik orijinalenak jantzita plazara hurbilduko dira eguerdi aldera, orgen desfilean parte hartzeko. 14:30ak aldera bazkaltzeko elkartuko dira Herriko ostatuan. Arratsaldean berriz, mozorroen besta giroa izanen da karrikan.