Nafarroako Haur kantu txapelketaren aurtengo edizioak aldaketa handi bat izanen du. Antolatzailea den Euskal Kantuzaleen Elkarteak jakinarazi duenez, txapelketaren ordez, «aurten jaialdiak egiteko erronka hartu dugu, kantua ez delako lehiatzeko, baizik eta disfrutatzeko. Txapelketak ematen duen presioa kentzea da asmoa, eta kantuak ematen duen gozamena hartzea. Tokian tokiko saioetan gozatzea izanen da helburu, haurrek kantu horrekin gozatzea». Beraz, Haur Kantu Jaialdietan izen emateko epea martxoaren 3a arte zabalik da. Horretarako 948 141812 telefonora deitu behar da edo euskokultur@terra.es helbide elektronikora idatzi. Parte hartzeko arauak ez dira aldatuko. Honela, ikastetxe bakoitzak bi talde, bikote bat eta bakarlari bat aurkezten ahal ditu. Kantariak bi mailatan banatuko dira: Lehen Hezkuntzakoak txikiak mailan arituko dira eta Bigarren Hezkuntzakoak gaztetxoak mailan. Partehartzaile bakoitzak kantu bat baizik ez du emanen, zaharra, berria, edo norberak sortua izan daitekeena. Lehen jaialdia martxoaren 11n izanen da Barañaingo Auditorioan, 18:00etan. Bigarren jaialdia Elizondoko Lur aretoan izanen da martxoaren 18an, 18:00etan. Martxoaren 25ean, Lekunberriko 31 Aretoan arituko dira kantariak, ordu berean. Apirilaren 2an, Berako Kultur Etxean eginen da jaialdia Berako Kultur Etxean eta bukaerako saioa apirilaren 9an eginen da Iruñeko Gaiarre antzokian, 11:00etatik aitzinera. Saio honetan parte hartuko dute aitzineko saioetan hobekien aritu direnak. Aurtengo edizioaren aurrekontua 12.000 eurokoa da. Oraindik erabat lotua ez bada ere, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kutxaren babesa izanen dute. Horietaz gain, kantaldiak ospatzen diren bortz herrietako udalen laguntza ere ezinbertzekoa izanen da.