• Eskualdeko herri gehienetan inauterien ospakizunean buru-belarri sartuak gaude, udaberria hurbildu eta natura iratzartzen hasi denaren seinale.
• Adituek diotenez, aspaldikoak dira eta gure historiari lotuak. Halere, ez dago erabat garbi nondik heldu diren eta zer helburu duten.
• Inauterien sakoneko esanahiari buruz gehiago jakiteko Juainas Paul Arzak, Zubietan bizi den historialariarekin izan gara.
Besta egin bai, baina inauterien jatorriari buruz gutti dakigu. Argitzen ahal diguzu zein teoria dauden horri buruz?
Nik, argitu baino gehiago, beste teoria bat botako dut, nere gustokoa. Garbi dago inauteriak besta haundi bat direla, bizimodu arrunta iraultzeko eta hankaz gora jartzeko. Zentzu horretan, hori da besta baten sustrai nagusia, egunerokotasunetik urruntzea eta hori egiten da inauterietan.
Inauterietan hainbeste irudi izaten dira: joaldunak, zakozarrak… Zein da hauen funtzioa?
Leku bakoitzean figura bat gelditu da. Kontuan hartu behar da, nekazaritza gizarte batean urtaroak izaten dutela horrelako moldaketa finkoa: uda eta neguan bereizten dute urtea. Bi urtaro horien inguruan antolatzen da bizimodua Pirinio alde honetan, solstizioen inguruan. Orduan, neguko besta izaten zen inauteria, bere aldaera guziekin, eta udan, Sanjuan egunaren inguruan egiten ziren udako bestak. Inguru honetako herri guzietan garai horretan egiten zuten besta, nahiz eta gero egunak mugitu diren, elizaren eraginez batez ere.
Inauterien lehen aztarnak noizkoak diren zehazten al da?
Ez, historikoki erromatarren garaiarekin lotzen dira, baina orduan hemen zer ospatzen zen, auskalo! Erdi Aroan baditugu aipamen txiki batzuk. Hirietan zerbait gehiago agertzen da, baina herri txikietan debekuak hasten direnean eta arazoak gertatzen direnean bakarrik agertzen da.
Joaldunen kasuan, izpirituak uxatzeko direla aipatzen da…
Hasieran zertarako ziren? Ez dakit, litekeena da hori adieraztea. Ni Zubietara etorri naizenetik gizonen afera bezala ezagutu dut, adin muga bat gainditzen duten mutilen afera. Gero, noski, neskak parte hartzen hasi ziren, gazteak eta gizartea aldatzen joan den neurrian inauteria eta joaldunak ere aldatu dira.