Bigarren mailako aizkora txapelketako finalistak erabakiak

Aitor AROTZENA 2006ko uztailaren 21a

Uztailaren 16an jokatu zen Iturenen Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketa. Doneztebeko feria eguneko finalean arituko diren bortz aizkolariak erabaki ziren saio honetan. 13 aizkolari aritu ziren eta bi kanaerdiko eta 60 ontzako enbor bat moztu behar izan zuten. Doneztebeko Juan Telletxeak 8 minutu, 54 segundu eta 43 zentesima behar izan zituen, Doneztebeko Luis Mari Belarrak 41 zentesima gehiago eta Beintza-Labaiengo Xabier Mindegiak 8 minutu eta 56 segundu. Laugarren postua Leitzako Jon Rekondok lortu zuen (9’25”) eta bosgarrena Altsasuko David Amillanok (10’13”). Finaleko protagonista guziak eskualdekoak izateko gutti falta izan zen, Etxalarko Xabier Ariztegik Amillanok baino segundu bakar bat gehiago behar izan baitzuen (10’14”). Beintza-Labaiengo Jose Luis Telletxea zazpigarren izan zen, Zubietako Jose Antonio Loiarte zortzigarren, Leitzako Xanti Olano bederatzigarren eta Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria hamargarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun