Azkeneko urteotako ohiturari eutsiz, Nafarroako Herri Kirol federazioak herri kirol saioak antolatu ditu Iruñeko Sanferminetan. Saio horietako aunitz gainera, Nafarroako txapeldunak erabakitzeko baliagarriak izan dira eta eskualdeko kirolariek maila ederra erakutsi dute. Lehen mailako arpana txapelketan, Arraiozko Xabier Urrutia eta Sunbillako Mikel Bertiz hirugarren gelditu ziren. Josetxo eta Iñaki Barberena, eta Jose Luis Cano eta Oier Aizkorberen gibeletik. Nafarroako harrijasotzaile txapelketan, Arraiozko Patxi Larretxea izan zen txapelduna, guzira 6.050 kilo altxatuz. Josetxo Urrutia leitzarra bigarren izan zen, 4.825 kilorekin. Lasto altxatze txapelketan lau igantziarrek parte hartu zuten. Ezustekorik gabe Xabi Sein nagusitu zen, baina estu-estu ibili zen. Bi minutuz, 45 kiloko fardoa 21 aldiz altxatu zuen, eta 22garrena egiteko bertze 4 segundu behar izan zituen. Iñaki Bereau herrikideak ere 21 altxaldi egin zituen, baina 22garrena egiteko 5 segundu behar izan zituen. Carlos Sein hirugarren izan zen eta Oskar Telletxea laugarren. Nafarroako bikotekako aizkolari txapelketan Miel Mindegia eta Daniel Vicente txapeldun atera ziren. Senosiain anaiak bigarren izan ziren eta Juan Jose Lopez eta Jose Juan Barberena hirugarren. Nafarroako Aizkolari Gazteen San Fermin Saria Arraiozko Garikoitz Larretxeak irabazi zuen. 45 ontzako hiru enbor mozteko 5 minutu eta 46 segundu behar izan zituen. Bigarren postua bere lehengusuarentzat izan zen, Berako Oihan Larretxearentzat; Ander Erasun aurtiztarra hirugarren izan zen, Etxarri Aranatzko Joseba Jimenez laugarren eta Iruñeko Ruben Saralegi bosgarren. Emakumezkoen txinga txapelketan eskualdeko bi kirolari izan ziren. Narbarteko Esther Iriarte nagusitu zen, 16 plaza eta 6 metro eginez, hau da, 454 metrorekin. Iturengo Maika Ariztegik 14 plaza egin zituen, 392 metro. VIII. San Fermin motozerra txapelketan Berasaingo Miguel Angel Mariñelarena izan zen garaile, Oieregiko Esteban Arruti, Arizkungo Martin Agerrea eta Burgiko Alain Salvadoren aitzinetik. Nafarroako gizonezkoen txinga txapelketan, Patxi Larretxea arraioztarra jaun eta jabe izan zen, 16 plaza eginez. Igantziko Oskar Telletxeak zortzi plaza egin zituen eta Aldatzko Xabier Igoak bortz plaza pasaxeak.
Ingudean marka berria Seinek
Ingude txapelketan Xabier Sein igantziarrak, txapela jantzi ez ezik Nafarroako errekor berria ezarri zuen, 91 altxaldirekin. 18 kiloko ingudea altxatzeko minutu terdi dutela kontuan hartuz, Seinek segunduko altxaldi bat baino gehiago egin zuen. Bigarren Carlos Sein igantziarra izan zen 87 altxaldirekin, hirugarren Leitzako Josetxo Urrutia 84 altxaldirekin eta laugarren Gerendiaingo Martin Pikabea, 71 altxaldirekin.