Udako oporraldia modu atseginean pasatu, lagunartean gozatu eta, batez ere, ongi pasatzeko helburuarekin, Udalekuak hasi zituzten Etxalarko haurrek joan den uztaila hasieran. Egunero-egunero, abuztura bitartean, jolasak, ateraldiak eta gisa guztietako ekintzak eginen dituzte herriko dozena bat haurrek, astelehenetik ortziralera, goizetan. Aurten lehenbiziko aldiz, irakasleak kanpokoak dira. Zubietako Miren Santesteban eta Sunbillako Izaro Altzuri ari dira begirale lanetan. Orain arteko martxa hagitz ona izan dela erran digute eta gustura segituko dutela azkeneko egun hauetan ere.