Astebetez itxia egon da Belateko tunela lur erori baten ondorioz

Aitor AROTZENA 2006ko abu. 22a, 15:34
Tuneleko moldaketa lanak eta eskualdeko udal agintariak, Herrilan kontseilariaren azalpenak aditzen uztailaren 7an. Utzitako argazkiak

Uztailaren 6an izandako lur erori baten ondorioz, astebetez itxia egon zen Belateko tunela.Zorionez, eroriak ez zuen inor azpian harrapatu eta berehala, tunelean zeuden zazpi kamioi eta lau autoak bertatik atera ahal izan ziren. Eguerdiko 13.37an gertatu zen ezbeharra eta Nafarroako Gobernuaren ustez, kontuan hartzekoa izan zen. Horregatik, ikerketa egitea agindu zion tunelen geoteknikan aditua den Madrilgo enpresa bati. Honek egindako txostenaren arabera, eroriak ez dio tunelaren egonkortasunari eragiten eta aurreikusi ezin zitekeen harri baten hausturaren ondorio da. Halere, Alvaro Miranda, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilariak agertu duenez, «Nafarroako Gobernuak eta gizarteak badakite Belateko tunelean eraikuntza akatsak daudela» eta tunela eraiki zuen UTE Belateren kontrako ardura zibileko espedientea berriz ireki ko du, izandako kalteei erantzuteko.

Eskualdeko udal agintariei azalpenak

Uztailaren 7an Bera, Etxalar, Arantza, Zugarramurdi eta Doneztebeko alkateak eta Baztango bi zinegotzi izan ziren tunelean, kalteak ikusten eta Mirandak emandako azalpenak aditzen. Helena Santesteban Berako alkateak , erabiltzaileek sentitzen duten segurtasun eza adierazi zuen. «Inork ez du ukatuko hemendik egunero pasatzen garenak kezka pixko bat sentitzen dugula. Segurtasun baldintzak ziurtatzea da Gobernuaren borondatea, baina inork ezin du baieztatu horrelako zerbait berriz gertatuko ez denik». Moldaketa lanak egin ondotik, uztailaren 13an ireki zen berriz ere Belateko tunela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun