Sunbildarrak Ameriketan

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 20a, 16:32
Aitor AROTZENA

Jesus Mari JORAJURIA Istola baserrikoa

“Hemen aitzinbiderik ez zenez aita eta bederatzi senide joan ginen artzain”

Zer oroitzapen dituzu Ameriketan emandako urteetaz?

1967an joan nintzen, hemezortzi urte bete eta segidan. 5 urtez izan nintzen artzain, bueltatu eta berriz ere joan nintzen, eraikuntzan aritzera. Lau urte egin nituen, bederatzi denetara. Hameka senide ginen eta anai zaharrena eta arreba hemen gelditu ziren, baina bederatzi anai joan ginen. Lehendik aita ere joana zen eta bat bertzearen ondotik arditara joan ginen.

Zergatik joan zinen?

Hemen ez zegoen gauza handirik eta nonbait bizia atera behar. Urte batez, Iñauteriak egin eta segidan 16 sunbildar batera joan ziren Ameriketara. Ez baitzen deus ere.

Orain egoera aldatu da…

Orain Amerika hemen dugu, dudik gabe. Hango ardien asuntoa akitu da. Tarteka joaten gara, anaiak bisitatzera eta lehengo tokiak ikustera eta pena ematen du. Ardi-talderen bat edo bertze ikusten duzu, baina ez da deus ere.

Ameriketako bitxikeriren bat gogoan duzu?

Jatekoa lurpean egiten genuen, bertzerik ez baigenuen. Lurraren berotasuna aprobetxatzen genuen. Ogiaz gain, ilarrak eta gisadoak horrelaxe egiten genituen. Bertze ohitura, whiskya hartzea zen, Seven Upekin nahasi eta “medizina” egiten genuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun