Mende batean 300 sunbildar baino gehiago joan ziren Amerikara artzain

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 20a, 16:23
Istolako Jesus Mari Jorajuria, Iruribieta Etxeberriako Fermin Zelaieta, Mugerdiko Juan Luis Altzugarai, Artzain Mundua Fundazioko Miren Elgarresta, Etxegiako Jose Mari Arretxea eta Jose Mari Hernandor

Berriki arte Euskal Herria emigranteen herria izan dela jakina da. Hainbat eta hainbat izan ziren Ameriketara bizimodua ateratzeko intentzioarekin joan zirenak, aunitz artzain lanak eginez. “Amerikano” ugari eman dituen herri bat bada, hori Sunbilla da. A

Emigrante hauen inguruko datuak, argazkiak, testigantzak eta hainbat xehetasun biltzen ditu “Sunbildarrak Ameriketan” liburuak bere 300 orrietan. Diario de Noticias egunkariak argitaratu du, Conasa, Udalbide, Ulibeltzak elkartea eta Artzain Mundua Fundazioaren laguntzarekin. Erredakzio talde zabalean, Jesus Goldaraz Doneztebeko apeza, Diario de Noticiaseko Jon Barriola eta Lander Santamaria, Isabel Elizalde eta Sunbillako artzaiak aritu dira. Liburua Sunbillako emigrazioari eskainia bada ere, lehenbiziko zatian Sunbilla bera dute hizpide: herriaren deskripzioa, geografia eta historia biltzen da, baita bere herria bihotzez maite duen Paco Latasa sunbildarren oroitzapenak. Segidan, emigrazioari eskainitako atala dator. Bertan, bizimodu hobe baten bila Ameriketara joan eta itzulitako sunbildarren testigantzak biltzen dira, baita hauen bi amena ere. Arestian aipatu bezala, XX. mendean, 1898tik 1993ra zehazki, Ameriketara joandako 313 sunbildarren datuak bildu dituzte liburuaren egileek. Baina bazen aitzinetik joandakorik ere. XVII. mendean, 1640an Sunbillan jaio zen Juan de Aranibar Telleria izan omen zen aitzindaria. «Ardi eta arimen artzaia» kapitulua merezi du liburuan Benta Berriko Juan Miguel “Mike” Apeztegia Juankorenak. 1965ean joan zen eta gaur egun Wyoming estatuko mormoien gotzaia da.

Nestor Basterretxea eta Artzainei eskainitako irudiak

Azken hogei urteotan ospatu den maiatzaren 1eko amerikanoen bestari eskainitako orrialdeen ondotik, artzainei egindako monumentoak aztertzen ditu liburuak. Horietatik bi Nestor Basterretxeak eskultoreak eginak dira, Renon eta Oñatin. Nestor Basterretxea izan da hain zuzen, aurtengo maiatzaren 1eko ospakizuneko ohorezko gonbidatua. Izan ere, artzainei eskainitako bi lan hauetaz gain, Sunbillako zubiari eskainitako bertze bat ere jarria omen du Valentziako Unibertsitateko kanpusean. Liburuaren hirugarren zatian, hainbat dokumentu eta datu agertzen dira: toki izenen zerrenda, mapak, artzainen izenak, etxeak eta nora joan ziren… bidaiak, kontuak, argazkiak eta bertze. Artzain Mundua Fundazioak eta Sunbillako Udalak urtarrilean sinatu zuten hitzarmena ere ageri da. Jesus Goldaraz, Doneztebeko apeza ez ezik filologoa ere bada, eta Sunbillako artzainek erabiltzen dituzten ehun hitz baino gehiago bildu ditu hiztegi hautatuan, euskara batuko erranahiarekin eta gaztelerako itzulpenarekin. Horien artean bereziena, “Doldia” hitza iruditu zaioa adierazi digu Goldarazek, ez baitzuen inoiz aditua. Paralisia edo perlesia erran nahi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun