«Abesbatzak irautea izaten da herri ttikietako koruen erronkarik zailena»

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 20a, 16:20

Doneztebeko Mendi Abesbatzako zuzzendaria Aitor AROTZENA

• Doneztebeko Mendi Abesbatzak hamar urte bete dituela eta, zenbait ospakizun antolatu dira.
• Lehena, Gasteizko Samaniego abesbatzak eskainitako kontzertua izan zen. Aste hondar honetan, maiatzaren 6an kontzertua eskainiko du Mendik Doneztebeko elizan.
• Ekainaren 3an, lehengo eta oraingo korukideak bilduko dira. Mendikoekin batera, Hendaiako Entzun eta Ereñozuko Ozenki abesbatzek kantatuko dute.

Hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldietan buru-belarri sartuak zaudete… Zein izanen dira nagusienak?

Hamargarren urteurrena zenez, urtero egiten genuenetik zerbait aldatu nahi genuen eta hiru ardatz planteatu genituen. Lehenbizikoa, hemen normalean aditzen dugun abesbatzek baino kalitate hobeagoko zerbait ekartzea izan zen: jende gaztea, musikatua, zuzendari ezagunarekin… hori hainbat sari irabaziak dituen Samaniego abesbatzarekin lortu genuen apirilaren 8an. Ondotik, maiatzaren 6an guk eskainiko dugu kontzertua, urteroko ildotik, baina hamar urteotako laburpena eginez: landu dugun polifonia; Mendi abesbatzaren oinarria den folklorea hiru multzotan, ingelesez, gazteleraz eta euskaraz egiten dugunarekin…

Eta ekitaldi nagusiena ekainaren 3koa. Urteotan abesbatzatik pasatutako guziak bildu nahi dituzue…

Ekitaldi garrantzitsuena izanen da, bai, zita honen inguruan antolatu baitugu bertze guzia. Mendi abesbatzan parte hartu duten eta dugun guziak biltzeko asmoa dugu eta ospatzea. Gutunak bidali zaizkie abeslari ohi guziei, baita txistulariei ere. Horretaz gain, Hendaiako Entzun eta Ereñozuko Ozenki abesbatza etorriko dira, harreman berezia dugulako. Gero, afaria eginen dugu Elor-Txurin.

Lehengo eta oraingo korukideak kontuan hartuz, zenbatsu jende pasatu da Mendi abesbatzatik?

Ehun inguru izaten ahal dira, nahiko zenbaki handia da hamar urterako. Bada hasieratik dagoen jendea oraindik segitzen duena… Gaur egun 36 abeslari inguru gara.

Nola sortu zen duela hamar urte Mendi abesbatza eta zein izan da urte hauetako bilakaera?

Musika eskolako Iñaki Dieguez zuzendariak eta piano irakaslea zenak garai hartan, ezagutzen zuten jendea biltzeko eta eguberrietako kontzertua egiteko ideia izan zuten. Deialdia egin eta jende pila agertu zitzaien eta kontzertua egin zuten. Ikusirik zenbat jende zegoen eta zer ilusioa zuten, zerbait iraunkorragoa egitea pentsatu eta horrela hasi zen. Gaur den egunean adin guzietako jendea daukagu. Noski, gazteak nahi baino guttiago, baina badira herriotan gazte guttiago daukaten abesbatzak ere. Ikasketak direla, lana dela… utzi egiten dute eta ez da errexa mantentzen. Batez ere Doneztebekoak dira, baina badira Legasakoak eta Oitzekoak, Iturengoak izan ditugu… noski, irekiak gaude inguruko jendearentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun