Nafarroako eskolarteko bertso txapelketaren finalak jokatu ziren Larraintzarren maiatzaren 27an. Goizean, 14 urte artekoak aritu ziren. Eskualdetik ordezkaritza zabala zegoen kategoria honetan: Julen Baleztena beratarra, Ioar Tainta, Josu Sanjurjo eta Gorka Sanjurjo lesakarrak, Adur Iantzi igantziarra, Ane Intxausti eta Ainara Saralegi leitzarrak, Maialen Belarra doneztebarra, Irati Arrieta sunbildarra, Ixiar Baztarrika iturendarra eta Amaia Elizagoien oronoztarra. Hauekin batera, Iruñeko Haizea Beruete, Haizea Huarte eta Amaia Baldez, Irurtzungo Egoitz Karrion eta Barañaingo Amets Laskibar lehiatu ziren. Hamasei bertsolari hauen lehendabiziko ariketen ondotik, sei gelditu ziren azken saiorako, seiak ere eskualdekoak. Azkenean, Ioar Tainta lesakarra izan zen txapeldun eta Josu Sanjurjo lesakarra txapeldun orde. Gibeletik sailkatu ziren Maialen Belarra, Amaia Elizagoien, Ixiar Baztarrika eta Julen Baleztena. Arratsaldean, 14 eta 18 urte tartean dituztenen arteko finala jokatu zen. Hemen ere eskualdeko lau ordezkari genituen: Iturengo Iker Gorosterrazu eta Alazne Untxalo, Berako Garazi Taberna eta Iruritako Iñaki Aleman. Hauetaz gain, Iraizozko Ekaitz Astiz, Berueteko Aitor Arangoa, Aurizko Aimar Karrika, Barañaingo Xabi Salvador eta Etxarriko Unai Artieda aritu ziren finalean. Lehenbiziko ariketak egin ondotik, laukotea gelditu zen txapela jokatzeko: Aurizko Aimar Karrika, Berako Garazi Taberna, Berueteko Aitor Arangoa eta Iturengo Alazne Untxalo. Azkenean, iturendarra nagusitu zen. Bigarren postua Aitor Arangoarentzat izan zen eta ondotik sailkatu ziren Aimar Karrika eta Garazi Taberna. Kategoria bakoitzeko txapeldun eta txapeldunordeek ekainaren 24an Euskal Herriko txapelketan lehiatzeko aukera izanen dute Altsasun.