Seme-alabak dituzten ama langileentzat laguntzak izanen dira

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 20a, 13:49
Hiru urte arteko seme-alabak dituzten emakume langileek dirulaguntza eskatzeko eskubidea izanen dute. Artxibokoa

Eskariak aurkezteko epea ekainaren 30ean akautuko da

Nafarroako Gobernuak, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gaztediaren Departamentuaren bitartez, hiru urte baino guttiagoko seme-alabak dituzten emakume langileentzako diru laguntza deialdia zabaldu du. Jose Ignacio Palacios kontseilariak sinatutako Foru Agindua, martxoaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Laguntza hori eskuratzeko ezaugarri batzuk bete beharko dira. Izan bere kontura edo bertze norbaitentzat, emakumeak 2005garren urtean, guttienez hilabeteko 5 egun osoz lanean aritu dela frogatu beharko du. Bidenabar, epe horretan hiru urte baino gazteagoko seme alaba bat bere kargu zuela, izan sortzez, harrera iraunkorrekoz edo adopzioz. Eskatzailea Nafarroan erroldatua izan beharko du, eta iazko errenta deklarazioa Nafarroan egina.

Errentaren araberako dirulaguntzak

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga oinarria ere kontutan hartuko da. Aipatutako ezaugarriak betetzen dutenek eta familia osatzen dutenen zerga oinarria 26.000 euroko baino guttiagokoa bada, urtean 1.800 euro izaten ahalko dituzte, 150 hilabete bakoitzeko. 26.000 eta 35.000 euro arteko zerga oinarria duten familiek berriz, 1.200 euro eskuratzen ahalko dituzte, 100 euro hilabete bakoitzeko. Laguntza horien banatzeko, milioi bat euro aurre ikusi da, baina behar izanez gero, diru kopurua handitzen ahalko litzateke. Eskaerak, Familiaren Zuzendaritza Orokorrera zuzendu behar dira eta deialdia ekainaren 30ean bukatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun