Ikastolak zikintzen entseiatu da Prefetura aintziran gertatu den kutsadurarengatik

Franck DOLOSOR 2006ko uzt. 20a, 09:42

Paueko prefetura Herri Urratsen izen ona zikintzen entseiatu da maiatzaren 16an herriko aintziran gertatu zen kutsadurarengatik. Ikastolen aldeko bestan baliatzen diren zerbitzu mugikorren ur zikinak euriaren hodirat isuria izan zen nahigabe. Erandioko lantegi bateko enplegatua hodiz nahasi zen, hondakinak ur zikinen hodirat bota behar baitzituen. 23 urtez, ez da sekulan holakorik gertatu baina nahasketa hunek ondorio latzak izan ditu. Ur zikinak aintziran agertu dira euriaren hodiak lakuarekin lotuak direlakotz. Aintzirako sartzean den aparkaleku ondoan ere ur zikinak agertu ziren isurketaren tokia sartzearekin ere lotua baita. Berehala ur zikinak biltzen entseiatu dira baina 500 arrain inguru hilik agertu dira, iduriz ur zikinean ez dute oxigeno askirik izan hatsa hartzeko. Maiatzaren 18an, aintzirako ura garbia zen berriz ere. Prefeturak egin zituen ikerketek erakutsi dute ez zela neholako irriskurik ura hartzeko eta edateko Urdazuri ibaian. Lakuan aldiz, mainatzea, ur kirolak egitea edo arrantzatzea debekatu dute badaezpada. Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioa kexu da prefetura kutsadura kimikoaz mintzatu baita berehala ikerketen emaitzak jakin gabe. Frantziako ordezkariak bi isurketez mintzatu dira isurketa bakarra izan delarik egiazki. Zerbitzu mugikorrak ezarri zituen Bizkaiko lantegiak erran du zerbitzuetan baliatzen den produktua ez dela kimikoa, organikoa baizik. Amerikako Estatu Batuetatik ekartzen duten likido urdinak ez du neholako irriskurik naturarentzat. Gainerat, bizkaitarrek diote isurketa bakarra egin zutela nahi gabe eta ez bi, prefeturak sinetsarazi duen bezala. Herriko Etxeak eta arrantzale talde batek salaketa presentatu dute lantegi horren kontra. Seaskak argi utzi nahi du lantegiak bere ardurak hartu izan ez balitu ikastolen federazioak berak ordainduko zituela aintzirako garbiketa gastuak... Kutsadurak aipamen zabala izan du baina ez da ahantzi behar Herri Urrats besta usaian bezain ongi iragan zela. Eguzkia eta beroa lagun milaka euskaltzale eta bestazale elkartu ziren. Aurtengo irabaziekin Ziburu eta Larzabaleko ikastolak lagunduko dira. 300.000 euro inguru biltzen dira Herri Urratsetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun