Institutuetako ikasleen azken kontzertua ekainaren 2an izanen da

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 19a, 18:29

Lekaroz, Bera, Doneztebe, Leitza eta Altsasuko 500 ikasle arituko dira

Urtero bezala, Lekaroz, Bera, Doneztebe, Leitza eta Altsasuko institutuetako 500 bat ikasleek, aipatutako bost herri hauetan, musika arloan ikasturtean zehar ikasi eta landu dutena erakusteko, kontzertuak eskaintzen ari dira. Lehena, maiatzaren 19an eskaini zuten Berako Eztegara pilotalekuan. Ondokoa Leitzako pilotalekuan eskaini zuten maiatzaren 23an. Aste bat beranduago, maiatzaren 30ean, Doneztebeko pilotalekuan aritzekoak ziren. Azken aurreko emanaldirako, Sakana aldera joanen dira. Ekainaren lehenean, Altsasuko pilotalekuan arituko dira. Itzulia, Baztanen bukatuko dute. Biharamunean, ekainaren 2an, Lekarozko institutuko pilota lekuan, aurtengo azken kontzertua eskainiko dute. Emanaldi guziak arratsaldeko 17:30etan izanen dira. Kantutegiari dagokionez, mota ezberdinetako abestiak entzuteko aukera izanen da. Euskal abestiak, Sorotan Beleren Arratsalde honetan kantuarekin edo Benito Lertxundiren Loretxoarekin, Irlandako Folka The Corrs taldeak mundura ezagutarazi duen Lough Erin Shore kantu herrikoiarekin, Greziako eta Kubako musika, baita ikasleek asmatutako abesti bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun