Leurtzako urtegien ingurua zaintzeko 37.000 euroko laguntza

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 19a, 18:11

Urrozko eta Beintza Labaiengo Udalek eskuratuko dute

Nafarroako Gobernuak, Urrotz eta Beintza Labaiengo udalei 37.000 euroko diru laguntza onartu die. Horrekin, Leurtzako urtegiaren inguruko natur eta aisialdirako eremuan moldaketa eta ekimen batzuk burutu beharko dituzte, bisitariei ingurumenari buruzko informazioa emateko ekitaldiak antolatu eta dauden azpiegiturak eta bidexkak zaindu. Horrelako proiektuak bultzatuz eta lagunduz, ingurumena babestu nahi dute, eta bidenabar aniztasun biologikoa modu iraunkorrean erabili, hezkuntza eta sentsibilizaziorako baliatuz. Leurtzako urtegia, 1996ko irailaren 2az geroztik natur eta aisialdirako eremu babestua izendatua da. Ultzamako Lizaso kontzejuan dagoen Orgiko Ariztiarekin batera, Nafarroa osoan bakarrak dira. Lizasoko Kontzejuak ere 76.000 euroko dirulaguntza hartuko du Orgin lanak egiteko. Leurtzan nahiz Orgin egin beharreko ekimenak, Aniztasun Biologikoaren Kontserbazio eta Erabilpen Jasangarrirako Nafarroako Estrategiaren barnean kokatzen direla goraipatu du Nafarroako Gobernuak. Aisialdiaz eta naturaz gozatzea bultzatu nahi da, beti ere ditugun baliabideak eta ingurumenaren errespetuan heziketa emanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun