Gazte Burrunba Elkarteak kultur ekitaldiak antolatu ditu

ttipi-ttapa 2006ko uztailaren 18a

Ekainaren 30ean The Bond Scot BAnd taldea ekarriko du

Gazte Burrunba elkarteak hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa du datozen asteetan. Hasteko, ekainaren 1ean, Errekarekin batera, urpekaritzari buruzko solasaldia antolatu dute Jesus Migeltorena herritarrarekin. Migeltorenak Kantauri itsasoari buruzko dokumental interesgarria egin du eta hori ere ikusgai izanen da. Bertze solasaldi batean Gorka Bidegain eta Josu Petrirena izanen dira. Bidaiari hauek Kuba aldez alde zeharkatu dute bizikletan eta esperientzia horren berri emanen dute. Momentuz, Gazte Burrunba elkartearen bilerak Azkarretan egiten dituzte, baina egoitza bat eskuratzeko solasean ari dira Herriko Etxearekin. Udalaren jarrera hagitz ona dela azpimarratu dute gazteek eta abudo lokalen bat lortzea espero dute. Sanpedro bestak ere gainean dira eta Gazte Burrunbak kontzertu handia antolatu du ekainaren 30erako, ortziralerako. Kataluniako The Bond Scot Band izanen da Santa Luzia plazan eta aitzinetik, herriko D.A.Brut&Blai taldea arituko da. Talde honetan, Zenzerock edo Rigor Mortis talde mitikoetan aritutako musikeriek jotzen dute. Ondotik, Trikidantz taldearekin dantzaldia izanen da, Udalaren laguntzaz. Joan den ortziralean egin beharreko bileran erabaki behar zuen Gazte Burrunba elkarteak ekainaren 24an ostatuek antolatu duten gaupasan parte hartu edo ez, gonbidatua baitago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun