Urtero bezala, egun handia antolatu du Altxata Kultur Elkarteak ekainaren 4rako. Gasna eta Artisau Feria eginen da 14. aldiz, eta nobedade batzuk ekarriko dizkigu aurtengo egitarauak.
Haurrendako sormen tailerrak
Beti bezala, protagonista nagusia gasna izanen da. Goizean goizetik mahai bat egonen da frontoian, aurtengo gasna lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek beren gasna hara aurkeztu dezaten. Inguruan berriz, frontoi osoan barna banatuta, dozena bat artisautik goiti ikusi ahal izanen dira. Egurra, burnia, arropa, eztia… gisa guztietako produktuak lantzen dituzten eskulangileak egonen dira postuetan. Horien artean, nola ez, gasna saltzaileak ere bai, eskualde osotik etorritakoak. Aurtengo nobedadea plazan paratuko dituzten haurrentzako sormen tailerrak dira. Buztinarekin hainbat eskulan egiten ahalko dituzte bertara hurbiltzen direnek, artelana eta josteta modu dibertigarrian uztartuz.
Trikitilariak, herri bazkaria eta dantzak
Azkeneko urteetan ohitura bihurtu da herriko trikitilariek eguerdi partean trikitixa-saioa eskaintzea. Aurten ere hor egonen dira, 12:30ean, ikuskizun polit bat eskaintzeko prest. Nagore Ansalas irakasleak erran digunez «kantu ezagunak, fandango eta arin-arinak, txapelketetako abestiak… denetik joko dugu eta saio gehiena perkusio tresna biziekin lagunduta». Eguerdiko 13:30ean gasna lehiaketa irabazi dutenen izenak emanen dira. Frontoian bertan eginen da sari-banaketa eta irabazleei trofeoak banatuko zaizkie bazkaldu aitzinetik. Eguerdiko 14etan, bazkaria izanen da frontoian. Eguna akabatzeko, arratsaldeko 6etan herriko dantzariek saioa eskainiko dute plazan. Egun osoan herriko emakumeen eskulan erakusketa egonen da ikusgai Andre Mari Elkartean. Urte honetan Mari Pui Urtasun irakaslearekin eskulan ikastaroan egindako lanak herri osoaren aitzinean paratuko dituzte ikusgai.