Malerrekako erresidentzia Doneztebeko Pantxonean

Xan Harriague 2006ko uzt. 18a, 12:42

Arkupeak elkartearen egitasmo nagusietako bat izan da Doneztebeko Pantxonean Malerrekako Erresidentzia edo Zaharetxea egitea. Oraindik orain ez dira eraikitzeko lanak hasi, proiektua 2002an idatzi baldin bazen ere. «Zerbitzu hau ez daukagu Malerrekan, baina bai Baztan, Lesaka eta Beran. Eta hemen ere bada beharra. Beti diruaz solasten dugu eta ez zerbitzuetaz, eta zerbitzu hori behar-beharrezkoa da eskualdean». Halere, etorkizun hurbilean gauzatuko dela uste du Ganboak: «Hasieran, bakarrik egiten ahal genuela uste genuen eta hori gure akatsa izan zen, erakundeek bizkarra eman zigutelako. Orain argia ikusten hasiak gara eta Doneztebeko Udalean badira proiektua bultzatzen ari diren zinegotziak, Malerrekako Mankomunitateko presidentea ere hor dabil jotake lanean». Etxea Arkupeak elkartearena da, baina egoera kaxkarrean dago eta laguntza beharko dute moldatzeko. «Faustino Manterolak aipatu zidan erresidentzia egina ikusten zuenean erretiratuko zela. Zoritxarrez, hura hil zen eta nik, lanen hasiera bederen ikustea espero dut». Ekainaren 6ko ospakizunera Nafarroako Gobernuko agintariak joan zirela aprobetxatuz, eskari hori berriz ere egin zuen Arkupeak elkarteko presidenteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun