Doneztebeko bulegoan maiatzaren 31n emandako prentsaurrekoan, Felipe Ganboa Jorajuria presidenteak elkartearen hasiera gogoratu zuen. Eskualdeko lau lagunek bultzatu zuten gaur egun 3.500 bazkide dituen erakundea: Felipe berak, Igantziko Faustino Manterolak, Urrozko Joxe Ariztegik eta Zintronikoko Pablo Gonzalezek. «Eskualdeko bizi-kalitatea eta hirugarren adinaren ongizatea hobetzeko jaio ginen –dio Felipe Ganboa, gaur eguneko presidenteak–. Elkarte eredugarria nahi genuen, eta neurri haundi batean, lortu dugu. Erretiratuek hasieratik lagundu zuten eta erakundeek ere lagundu dute gehienetan». 1986tik 1996ra, hamar urteko lehen garaian, elkartea pixkanaka handitzen eta ezagutzera ematen joan zen. «Bidea markatzen hasi ginen eta gure mezua hori zen: jendea etxetik aterarazi eta bizia aldatzea, adineko jendea ahalik eta hobekien bizitzea. Hori lortu da eta zenbakiak ikustea aski da, urtetik urtera gehiago baikara bidaietan eta gainerakoetan». Hasiera hartan gauza aunitz egin nahi izatea izan zen okerrik handiena, Ganboaren ustez: «Presaka joan nahi genuen eta sobera korritu genuen, eta abudoegi joanez gero badakizu! Erortzeko arriskua ere bada. Akats batzuk egin genituen, baina aitzinera goazi eta tira!». 1996tik 2006ra elkartea sendotu egin da, lehenbiziko garaian egindako okerrak zuzenduz, «baina gure bidea utzi gabe» presidenteak azpimarratu duenez.
Felipe Ganboa: «Presidente kargua utziko dut aurten»
Hogei urtez Arkupeak elkarteko buru izan ondotik, presidente kargua uzteko borondatea ere adierazi zuen Felipe Ganboak, «lehenxeago edo beranduxeago, nere lana bete dudala uste baitut. Ez dut egun zehatzik aipatuko, baina aurten utziko dut. Halere, Arkupeak elkartearen barrenean segituko dut». Hogei urteotan egin gabe gelditu diren egitasmoak ere gogoratu zituen Felipe Ganboak. Garrantzitsuena, Doneztebeko Pantxonean Malerrekako erresidentzia egiteko proiektua. Azpilkuetan, Xabierko Frantziskoren amaren sortetxean, Dorreberrian, egin gogo zuten museoa ere ez dela aitzinera atera gogoratu zuen. Xabierko Frantziskoren heriotzaren bosgarren mendeurrenean izanik ere, ez da sosik ailegatu egitasmo honentzat: «Nafarroako Gobernuko presidenteari erran nion Xabierko Gazteluan gastatu behar zuten mila milioi pezeten %10a hemen uztea, baina ez zen ailegatu. Eskualdeko alkate batek ere erran zidan, hobe zela deus ez egitea, aziendak lasaiago egonen zirelako. Hori egia da! Museo egiteaz gain, Jatsurekin eta Donibane Garazirekin senidetzeko asmoa zen. Bi herri hauetan San Frantziskorekin zerikusia duten etxeak ongi zainduak daude, baina Azpilkuetakoa ez».
Etorkizunera begira
Bi hamarkada hauetan bizitutakoa errepasoa egin ondotik, hurrengo hamar urteetan Arkupeak elkartea zer izanen den ere iragarri nahi izan zuen Ganboak. Garai berriak dira, eta ideia eta forma berriak ere beharko direla jakitun dira, baina etorkizuna itxaropenez betea ikusten dute.
Zer dauka Arkupeak elkarteak bertze elkarteek ez daukatena?
Nik beti erran dut Arkupeak ez dela bertze elkarteak baino hobea ezta txarragoa ere, ezberdina da. Gure izakera horrelakoa izan da, eta etorkizunean ere horrela izanen da. Gauza batzuk ongi egin ditugu eta bertze batzuk gaizki, baina beti borondate onenarekin saiatu gara. Denen gustoa egitea ezinezkoa da, baina gehienak ase ditugula uste dut.
Hogei urteotako errepasoa eginez, zein dira zure ustez lorpenik handienak?
Jendearen eta erakundeen laguntza handia izan da, ehundaka bidai egin ditugu eta horietan milaka jende mugitu da. Donezteben egindako pisu tutelatuak ere hor ditugu.