90 lan baino gehiago aurkeztu dira Bidasoaldeko Filme Laburren Zinemaldira

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 18a, 12:54
Andres Etxenike Bertizko Partzuergoko presidentea eta Carlos Garaikoetxea eta Deñe Abuin, Baztan eta Lesakako zinegotziak, aurkezpenean.Argazkia. Alicia del CASTILLO TTIPI TTAPA

Ana Villoria iruritarrak irabazi du bederatzigarren edizio honetan kartel lehiaketa

Irailaren 4tik 15era eginen den Bidasoaldeko Filme Laburren IX. Zinemaldira 94 lan aurkeztu dira. Azken urteetan bezala, Elizondon, Beran, Donezteben eta Hendaian eskainiko dira filmeak, baina aurten, baita Lesakan ere. Zinemaldiaren itxiera jaialdia eta sari banaketa ekitaldia Hendaiako Cinema des Varietes aretoan eginen da irailaren 15ean.

Urrezko Iratzea eta 4.000 euro filme onenari

Aurtengo edizioan zenbait berrikuntza izanen dira. Honela, omenaldia eskaini nahi zaio Pio Baroja idazleari, bere heriotzaren 50. urtemugan. Bertze aldetik, lehenbiziko bi sariei dagokien diru kopurua ere igo da. Honela, filme onenak Urrezko Iratzea eta 4.000 euro eramanen ditu (3.000 euro irabazi ditu orain arte); bigarren saria, Zilarrezko Iratzea eta 2.000 eurokoa izanen da (1.500 euro lehen); eta Brontzeko Iratzeak eta 1.000 euroko sariak izanen ditu gai naturalistak edota giza baloreak hobekien jorratzen dituen filmak; animazioko lan onenak; Akitania edo Nafarroako zuzendari batek egindako lan onenak; euskaraz egindako filme labur onenari eta aktorerik onenak; diru saririk gabeko bertze bi aipamen ere izanen dira: publikoaren saria eta argazki onenarena. Aurtengo edizioaren aurkezpenean aipatu zutenez, joan den urtean Urrezko Iratzea irabazi zuen Alex Pastoren «La ruta natural» filmeak, Sundanceko Jaialdi famatuaren lehenbiziko saria ere eskuratu zuen. Modu berean, Bidasoaldeko Filme laburren Zinemaldian lanak aurkeztu dituzten zuzendari batzuk luzemetraiak egiten ere hasiak dira, Mateo Gil edo Koldo Serra, errate baterako. Zinemaldia eskualdean zinea hedatzen laguntzeko ere baliagarria izanen dela uste dute antolatzaileek. Izan ere, aurten hiru luzemetraien errodaia lanak hartu ditu Bidasoaldeak: Pablo Malo donostiarraren «La sombra de nadie», Miguel Angel Calvo Buttini tuterarraren «El lunar» eta irailean filmatzen hasiko den bertze filme bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun