Doneztebeko bestak «bertze edozein gaztek bezala» aprobetxatu bezain abudo, uztailaren 4an, Espainiako gazte mailako eskubaloi selekzioarekin joan zen Niko Mindegia doneztebarra Ciudad Realera. Portugalen txapelketa jokatu ondotik, uztailaren 19tik 25era Iruñean izanen dira eta segidan, Estoniara joanen dira, Europako txapelketan parte hartzera. Beraz, kasik hilabete emanen dute txapelketa prestatzen, baina Nikoren ustez, beharrezkoa da: «Bi aste genituen geldirik eta fisikoki martxan paratzeko behar genuen horrelako kontzentrazio bat. Taldekideak ezagutzeko eta elkar ongi hartzeko ere behar da hilabete bat». Txapelketan zer emanen duen taldeak ez daki, baina talde gogorra suertatu zaie hasierako fasean: «Alemania, Kroazia eta Hungaria ditugu multzoan. Alemania eta Kroazia Munduko hoberexkoenak dira eta Hungaria ere ez da urruti… Bi lehenbizikoak bakarrik sailkatzen direla kontuan hartuz, zail izanen dugu».
«Aunitz ikasten da jokalari haundi hauen ondoan»
Duela bi urte arte Errekan aritzen zen Niko Mindegia eta Iruñeko Portland San Antonioren deia hartu zuen. Aldaketa nagusia, eskubaloiari eskaini beharreko denboran somatu du doneztebarrak: «Ordu aunitz sartu behar dira, gehiago entrenatzen dut, baina bizimodu berdintsua daukat». Jubenilen taldean eta batez ere, bigarren taldean aritu da, baina lehenbiziko taldean aritzeko aukera ere izan du. Iaz, Fermin Tajaduraren omenez jokatutako partidan, Asobaleko izarren kontra aritu zen Portland eta jokatu zituen minutuetan gol bat egiteko aukera izan zuen Mindegiak. Richardson, Balic edo Garraldaren ondoan jokatzeko modua izan du eta hori ezin du edozeinek erraten ahal: «Hori ohore handia da neretzat, gainera aunitz ikasten duzu, hauek edozeinek baino gehiago erakusten dizute, kriston laguntza da». Aurten, Asobal ligako hiru partidetan jokatzeko modua izan du eta Txapeldunen Ligako final laurdenetako partidarako deitu zuen Zupo Ekisoainek. Portland San Antonio eta Bartzelona izan ziren aurrez aurre Iruñean. Mindegiak ez zuen jokatu («joaneko partida zen» dio), baina gozatu ederra hartu zuen. Heldu den urteari begira talde nagusian gehiago sartzeko itxaropena du Nikok, «baina hori ezin da inoiz erran, lesioak errespetatu behar dizute, fitxaketa berriak ere izanen dira…».
«Alemania, Kroazia eta Hungaria ditugu gure multzoan, Munduko hoberexkoenak… Bi lehenbizikoak sailkatzen direla kontuan hartuz, zail izanen dugu aitzinera egiteko»