Urte bukaerarako plaza berriko lanak hasiak izanen dira

Jaione OTXANDORENA 2006ko uzt. 13a, 19:09
Zubi zahar aldera haurrentzat parkea egonen da eta zubi berri aldera, berriz, kioskoa. TTIPI TTAPA

Proiektua jendaurrean aurkeztu da, alegazioak egin ahal izateko.

Gure herrian plaza berria egiteko ideia duela urte batzuetakoa bada ere joan den urtean berrartu zen proiektua. Orain dela aste pare bat udal agintariek plaza berriaren planoak atera zituzten udaletxeko atearen kanpokaldera herritar guztiek ikus zitzaten. Planoekin batera, proposamenak egiteko orria ere atera zuten eta dagoeneko badaude herritarren proposamen batzuk udaletxean aurkeztuta. Proiektuan azaltzen den bezala, plaza berria bi zatitan banatua egonen da. Zubi zahar aldera haurrentzat parkea egonen da eta zubi berri aldera kioskoa. Ramon Latasaren eskultura ere plazan jarriko da eta horretarako lanean ari da herritar talde bat. Azken baimenak lortzeko gestioak egiten ari da udaletxea. Proiektua gauzatzeko aurrekontu zehatzik ez dago oraindik, beraz dena ongi lotuta egon arte ez da erabakiko nork eginen dituen plazaren lanak. Gogoratu proiektu honi buruzko informazioa nahi duen guztiak, udaletxera jo dezakeela edozer gauza galdetzeko eta nahi izanez gero, proposamenak egiteko aukera ere bada abuztuaren 4a bitarte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun