Lanak eginen dituzte herriko aintziran segurtasuna eta husteko sistema hobetzeko

Franck DOLOSOR 2006ko mai. 12a, 18:39
TTIPI TTAPA

Bortz astez ezin izanen da lakuaren itzuli osoa oinez egin

Herriko aintziraren inguruan dabiltzanak ohartu dira egun hauetan ur gutti dagoela lakuan. Martxoaren 13an, Sarako Hiriart lantegiak lanak hasiko ditu segurtasuna eta aintzira husteko sistema hobetzeko. Lan hauek urtegian kokatuko dira bereziki eta bi partetan eginen dira, Herri Urrats aintzin eta ondotik. Herriko Etxeak espero du lanak bururatzea uda aintzin, jende ainitz ibiltzen baita orduan toki hortan.

Herriak 1964ean eraiki zuen aintzira. Geroztik lan ainitz egin da toki hori hobetzeko baina sekulan ez omen dira berritu lakua husteko ur azpian dauden hodiak. Hauen barnean ibili diren kamerek erakutsi dute juntak gaizki daudela eta arraildurak ere badirela. Hodi zaharra tapatuko da eta berri bat ezarriko da lakua eta tenis eremuen ondoan den uraren maila zaintzeko etxola artean. Hodi berria pasatzeko urtegia, hau da helikopteroak lurreratzeko eremua, zilatu beharko da. Sei metrako ziloa eginen da hodia pasatzeko eta lan hori izanen da operazio huntako momenturik zailena.Lurra mugitzeko, bi pala haundi ariko dira lanean, hauen artean bat Bordeletik ekarriko dute. Lanen denboran, bortz astez bederen ezin izanen da urtegiaren gainetik oinez ibili. Lanek 162.994 euroko gastua sortuko dute.

Paueko Kontseilu Nagusiak %35 eta Europak %45 beren gain hartuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun