Hiru milioi terdiko inbertsioak eginen dira aurten udal aurrekontuaren barrenean

ttipi-ttapa 2006ko mai. 12a, 14:31
TTIPI TTAPA

Zatirik handiena, Balnearioaren lanetan joanen da

Elgorriagako Udalak 3.747.623,51 euroko diru-sarrerak eta irteerak izan ditu aurten, berriki onartutako udal aurrekontuaren arabera. Hain herri ttikia izanik, hain aurrekontu handia izateak badu esplikaziorik, izan ere balnearioan 3 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak eginen dira aurten. Zehazki, inbertsioetan, osotara 3.511.399,68 euro joanen dira eta, aipatu bezala, balneariora joanen da zatirik handiena. Errotako bidea egiteko 230.000 euro inguruko inbertsioa ere eginen da. Inbertsio hauei aurre egiteko, 3.386.945,80 euroko diru sarrerak izanen dira, gehienak Balneario de Elgorriaga enpresatik eskuratuko direnak.

Jakina denez, Elgorriagako Balnearioa eraikitzeko lanek geldialdi bat izan dute, baina Jose Miguel Galarregi alkateak aipatu digunez, arazoak moldatu eta berehala lanean hastekoak dira, horretarako baimena eman baitute Madriletik. Proiektuan zenbait aldaketa egin behar izan dira, zola uste baino beratsagoa suertatu delako. Horrek kezka eragin du lanen martxa segitzen zutenen artean, egun batetik bertzera garabiak kendu zituztela ikusi baitzuten. Baina, behin baimena emandakoan, berehala hasiko dira berriz langileak beraien eginkizunean.

Honela, pilareak berritik egin eta 16 metroko sakoneran sartu beharko dituzte. Honek, lanak akitzeko denboran ez du aldaketa handirik eraginen, bai ordea aurrekontuan: lan hauek egiteko 606.000 euro gehiago ordaindu beharko ditu Balneario de Elgorriaga enpresak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun