Antonio Senosiainek eta Miel Mindegiak eraman zuten otsailaren 26an Binakako Urrezko Aizkolarien txapela, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatutako finalean. Azkenean, denek uste baino alde handiagoa egon zen, irabazleen eta Arrospide eta Mugertza finalisten artean, nahiz eta alde hori txanda libreko azkeneko saioan erabaki zen. Saio hori hasi baino lehen pare-parean zeuden bi bikoteak.
Bi kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar ziztuen azkeneko saio horretan. Ekinaldia hasi bezain laster ikusi zen, garaipena Nafarroa aldera etorriko zela. Lehen enborretik atera zuten aldea, eta lehenbiziko oinbikoan dena erabakita gelditu zen. Lehendik ere Mugertza eta Arrospide, batez ere Leaburukoa, ez zebiltzan lan horretan ongi, eta lehen oinbikoan adarra atera zitzaien. Mindegiak bere bigarren txapela lortu du Binakakoan, eta lehena Senosiainek.
Miel Mindegia gustura zegoen. Ez da gutxiagorako, 56 urterekin txapelak pilatzen segitzen baitu. Ezkurrakoak pozik gogoratu zuenez,«57 urte egin behar ditut, eta azkeneko lau hilabeteetan hiru txapel jantzi ditut».