Arrakasta handia Usategietako Auto Igoeran

Joseba eta Nerea 2006ko uztailaren 24a

Eguraldi bikaina, jende multzo ikaragarria eta giro ederra. Horrelaxe laburbilduko genuke Usategietako auto igoera. Apirilaren 9an egin zen Eguzki Sport eskuderiak 11. aldiz antolatutako igoera eta urtero bezala erabateko arrakasta izan zuen. Goizetik jende multzo handia hurbildu zen Usategietako bide bazterretara. Auto igoeran ez zen aparteko istripurik izan eta ezbeharrik gabe atera zen guztia.

0 bat auto gidarik parte hartu zuten Nafarroako Mendi lehiaketarako puntuagarria zen Usategietako Igoeran. Berriki hildako Jon Oskoz Etxandi auto gidariaren oroimenean antolatu zen igoera eta auto guztiek pegatinak eraman zituzten lazo beltzekin. Oskozen familiak plaka bat ere jaso zuen bere oroimenean. Irabazlea Gorka Apalantza gipuzkoarra izan zen. Bigarren postuan Pantxo Egozkue gelditu zen eta hirugarren Chistian Villar. David Cano izan zen helmugara ailegatzea lortu zuen junior bakarra.

Inguruko auto gidarien artean Patxi Gateu beratarra izan zen hoberena 26. postua lortuz. Martin Villares urdazubiarrak 29. postua eskuratu zuen. Andoni Blas doneztebarrak ez zuen ibilbidea bukatu, autoa bidetik kanpora atera zitzaiolako. Aitzineko ediziotan marka onak egin dituzten herriko auto gidariak berriz, ez genituen igoeran ikusi. Pena hori gelditu zitzaien Etxalarko auto zaleei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun