Baztan-Bidasoako Ostalaritza tailerreko ikasleak hartuko dituzte bortz enpresak

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 24a, 11:07
Baztan-Bidasoako Ostalaritza enplegu tailerraren aurkezpena. TTIPI TTAPA

Sei hilabetez, hamabortz ikasle arituko dira tailer horretan

Nafarroako Gobernuaren Enplegu Zerbitzuak, Cederna-Garalur erakundeak eta Baztan-Bidasoa aldeko ostalaritza arloko bortz enpresak elkarlan hitzarmenak sinatu zituzten apirileko lehen astean. Hitzarmen hauen arabera, enpresa hauek, Baztan-Bidasoako ostalaritza enplegu tailerreko ikasleak kontratatuko dituzte hurrengo langile aukeraketan. Konpromiso hau hartu zuten, 25 urtez goitiko eskualdeko hamabortz langabetu hartuko dituen tailerra ezagutu ondotik. Hamabortz ikasle hauetatik 13 emakume eta bi gizaseme izanen dira eta sei hilabetez ikasten arituko dira, batez ere aperitiboen eta bazkarien prestakuntza espezializatuan.

Zehazki, Elgorriagako Balnearioa, Berako Churrut hotela, Etxalarko Benta hotela, Iturengo Herriko Ostatua eta Baztan kanpina dira ekimen honekin bat egin duten enpresak. Tailerraren aurkezpenean, eskualdeko enpresek duten langile kualifikatuen beharraz aritu ziren, eta horregatik begi onez ikusi dute Baztan, Bera, Elgorriaga eta Lesakako udalek lagundu duten tailer hau. Izan ere, Baztan-Bidasoa aldean egin den lehenbiziko tailerra izan da. Nafarroako Gobernuko Eplegu Zerbitzuak 132.411,60 euro jarri ditu, aurrekontuaren %88a.

Sektoreko lan eskaintza goiti

Enplegu tailer hauen helburua, 25 urtez goitiko langabetuei lan munduan sartzeko erraztasunak ematea da. Horretarako, sei hilabetez formakuntza profesionala eta praktikoa jasotzen dute ikasleek. Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako langabeziaren azterketa egin ondotik, ostalaritza sektorerako profesionalen beharra somatu zen. Sektore honetan lan eskaintzea handitzea espero da, Elgorriagako Balnearioa irekitzen denean eta eskualdeko hotelek eta ostatuek horrela eskatzen dutelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun