Inoiz baino karroza gehiago inaute astearteko desfilean

Joseba eta Nerea 2006ko api. 27a, 13:34

Astearteko karroza bat eta asteleheneko eskean, Aldalurkobordan. TTIPI TTAPA

Eguraldi ederrarekin eta giro ezin hobean joan dira aurten

Inauteri ederrak izan dira aurtengoak. Jendearen partehartzea handia izan zen bai astelehenean bai asteartean. Gazteak aunitz mugitu ziren. Giro polita paratu zuten baserriz baserriko eskean eta karroza aunitz prestatu zituzten astearterako. Helduek ere ez zuten hutsik egin. Inauteriak azkeneko urteetako bizienak, mugituenak eta ikusgarrienak izan dira.

Jende aunitz kinto bazkarietan

Ikaragarria da urtetik urtera kinto bestak hartzen ari duen indarra. Dozena bat bazkaritik goiti eman ziren herrian inauterien aitzineko igandean, otsailaren 25ean. 13-14 urtekoetatik hasita, 60 bat urtekoetararte, inork ez zuen hutsik egin kinto bazkarietan. Arratsalde partean bete-beteak ageri ziren herriko bi ostatuak. Herri osoa elkarrekin. Andremari bestetan bezala, adin guztietako etxalartarrak juntatu ziren besta egitera.

65 lagun baserriz baserri eskean

65 gazte baino gehiago elkartu ziren inauteri-astelehenean, ohiturari segituz, baserriz baserri eskean ibiltzeko. Erdiak goiko auzoetan ibili ziren. Bertze erdiak behekoetan. Gosariarekin hasi, bazkariarekin segitu eta afariarekin akabatu zen eguna. Otordu bitarte horietan, baserri gehienetara egin zuten bisita, jan, edan eta trikitixa doinuekin dantza pixko bat egiteko. Urtetik urtera arrakasta berdinarekin segitzen du egun honek.

8 karroza, antzerki eta guzti

Suhiltzaileen eta polizia foralaren antzerki ttiki batekin hasi zen inauterietako asteartea. Sua itzaltzen nahiko komedi izan zuen mozorro-koadrila batek. Ondotik, bertze 8 karroza agertu ziren plaza bazterrera. Denak batera desfile ikusgarria egin zuten. Pitufoak, tirolesak, hippyak, formula 1-eko gidariak… denetarik ikusi ahal izan zen. Irri gustura egin zuen jendeak. Desfilean parte hartu zutenek giro ederra paratu zuten. Eguerdiko bazkariarekin eta arratsaldeko besta-giroarekin akautu ziren aurtengo inauteriak. Hurrengo urtean berriz.

Larraburuan ere inauteriak

Duela urte batzuk arte karroza bat egiten zuten urtero. Aspertuta edo, ohitura hori utzi eta bazkaltzera elkartzen dira orain Larraburua jubilatu elkarteko kideak. Aurten ere koadrila ederra bildu zen asteartean. Bazkariaren aitzakian, iñauteri politak ospatu zituzten dantza eta besta giroan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun