Asteburu honetan abiatu da Laxoa txapelketaren 27. edizioa

Aitor AROTZENA 2006ko api. 25a, 18:44
Javier Almandoz, Nafarroako Kutxako Doneztebeko zuzendaria, Nafarroako Pilota Federazioko Javier Bariain eta laxoa Elkarteko Tiburtzio Arraztoa eta Patxiku Ganboa, Oitzen egindako aurkezpen prentsaurr

Hameka taldea ari dira eta finala abuztuaren 6an jokatuko da Oitzen

Laxoa elkarteak hogeita zazpigarren aldiz antolatutako Baztan-Errekako Laxoa txapelketa asteburu honetan abiatu da. Hameka talde arituko dira aurten plazarik plaza, iaz baino bat guttiago, Arraiozek talde bakarra plazaratu baitu. Doneztebek lau talde plazaratuko ditu, Iruritak hiru, Oitzek bi eta arestian aipatutako Arraiozek eta Hondarribiak bana. Hasierako ligaxkan bi multzotan banatuak arituko dira: A multzoan sei talde izanen dira, Doneztebe A (Felipe Ganboa, Luis Miguel Apezetxea, Jose Mari Antzizar eta Patxiku Ganboa), Arraioz (Iñaki Mihura, Jon Gamio, Asier Zubigarai eta Jesus Mari Laurnagarai), Doneztebe C (Joxe Manuel Mitxeltorena, Josu Juanena, Mikel Mutuberria eta Gorka Bidegain), Irurita B (Jon Azkarate, Joseba Urtasun, Jesus Etxenike eta Xabier Ripa), Doneztebe B (Lander Erkizia, Eduardo Oiarzabal, Alejandro San Miguel eta Juan Mari Artazkoz) eta Hondarribia (Iñigo Salaberria, Mikel Festa, Imanol Festa eta Koldo Alegria) izanen dira. B multzoan, berriz, bortz talde izanen dira: Irurita A (Jorge Azkarate, Andres Elizaintzin, Igor Urrutia eta Iñaki Etxandi), Oitz A (Sergio Fagoaga, Lander Mendiola, Iñaki Mendiola eta Juan Mari Mindegia), Oitz B (Bittor Zelaieta, Jokin Ziganda, Alberto San Miguel eta Jose Agustin Mindegia), Irurita C (Iñaki Zabaleta, Oskar Urrutia, Miguel Garate eta Miguel Bidegain) eta Doneztebe D (Juan Mari Apeztegia, Jose Luis Arotzena, Juan Telletxea eta Jokin Apezetxea).

Finala abuztuaren 6an Oizko plazan

Multzo bakoitzeko lau lehenbizikoek jokatuko dituzte final laurdenak, uztaileko lehen hiru aste hondarretako bitan. Finalaurrekoak uztailaren 23, 25 edo 30ean jokatuko dira eta final handia abuztuaren 6an Oizko plazan. Laxoa txapelketa nagusia da Laxoa Elkarteak antolatzen duen ekitaldi nagusia, baina ez bakarra. Helduek akitu bezain abudo, gaztetxoen eta gazteen txapelketak jokatuko dira irailean eta urrian, Nafarroako Kirol Jolasen barrenean. Azkenik, neguan zortzigarren paxaka txapelketa jokatuko da, azarotik martxora.

Ziburu eta Hondarribiako laxoa txapelketak eta paxaka

Bertze laxoa partida batzuk ere jokatuko dira, bestetan, baita eskualdetik kanpo ere. Udan bertze bi Torneo jokatuko direla gogorarazi zuen Tiburtzio Arraztoak: «Ziburun, Donibane Lohitzune, Hondarribia eta Laxoa elkarteko pilotariekin jokatzen da. Jende aunitz hurbiltzen da plazara eta berezia da, ez delakoz jokatzen normalean aritzen diren eskularruekin. Eskularru motzak izaten dira eta pilotak ere bereziak izaten dira, plaza ttikia delakoz. Bigarren Torneoa, iaz bezala, Hondarribiako bestetan jokatuko da, Hondarribiako II. Laxoa txapelketa». Laxoa ezagutzera emateko eta gaztetxoen artean zabaltzeko tailerra antolatu da aurten Baztanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun