Gehienez 109 etxe berri egiten ahalko dira herrian

ttipi-ttapa 2006ko eka. 15a, 10:25
Uxarrea auzoan 31 etxe berri egiten ahal dira, gehienak bi familiakoak. TTIPI TTAPA

Honela ageri da onartu den Udal Hirigintza Planean

Nafarroako Gobernuko Ingurumena, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Departamentuak Donamariako Udalak aurkeztutako Hirigintza Plana behin betikoz onartu berri du. Plan honen arabera, gehienez 109 etxe berri egiten ahal dira eta horietatik gehienak bi familiako etxeak izanen lirateke.

Uxarrea auzoan 31 eraikin egiteko aukera aurrikusi da. Horietatik gehienak bi familiakoak baldin badira ere, lautan hamabi etxebizitza egiten ahal dira eta bertze hamekatan 18 etxebizitza. Igurin auzoan lau etxe berri egiteko baimena ematen ahal da, gehienez zortzi etxebizitza. Artze auzoan 23 eraikin berri egiteko aukera ikusten da eta gehienez bi familiakoak izanen direnez, 46 etxebizitza izanen dira. Donamariako Bentan lau eraikin egitea aurrikusi da, hiru bi familiakoak eta bat famili bakarrekoa. Planeamendu berriaren arabera, Askarragan 11 etxe eginen lirateke eta guziak bi familiakoak direnez, gehienez 22 etxebizitza izanen dira. Gaztelun, azkenik, 36 etxe egiteko modua izanen da, guziak bi familiakoak, 72 etxebizitza guzira. Hirigintza Plan berriaren arabera, etxe berri guzietan, gehienez beheitiko solairua eta bi gehiago egiten ahal dira. Hirigintza Plan berri honek ez du epe mugarik, eta bakar bakarrik ordezkatzen ahal da maila bereko edo gehiagoko bertze hirigintza dokumentu bat onartzen bada. Kasu hori gerta daiteke biztanlegoak planean aurrikusitakoa gainditzen badu, planean onartutakoaren %70a egina bada edo udalez gaindiko bertze plan bat onartzen bada.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun