Martxoaren 25 eta 26an egin zen Asteburu Kulturalak partehartze haundia izan zuen. Larunbatean haur ugari hurbildu ziren frontoira herri kirol eta jokuetan aritzera. Leku berean egin zen kuadrila arteko paella lehiaketa ere. Hameka paella aurkeztu ziren eta sukaldaritzan adituak diren Angel Mariezkurrena, Loli Gandara eta Pako Errandoneak osatu zuten epaimahaia. “Espentza” taldeak egin zuen paella beltzak irabazi zuen herriko lehen paella lehiaketa. Paella txapelketan partehartze handia izan bazen ere, ikustera ere jende aunitz hurbildu zela aipatu behar da. Txapelketa akituta, partehartzaileek elkarrekin bazkaldu zuten. Arratsaldean haurrentzak gaztelu puzgarriak eta kuadrillentzat hainbat joku desberdin izan ziren. Hauek akitu bezain laster triki poteoa hasi zen eta ondoren kanpinean egin zen afarian 65 pertsona inguru elkartu ziren. Hurrengo egunean, igandean, herriko emakumeek egindako eskulanen erakusketa izan zen Ulibeltzak elkartean. Aurten, gainera, bertze batzuk egindako eskulanak ere ikusgai izan ziren: egurrezko tallak, gantxilloz egindako kortinak… Aspaldiko urtetako argazki erakusketa ere izan zen. Jendeak gustora ikusi zituen argazki hauek, zenbait argazkitan nor ote zen asmatzen eta gure herriak duela 50 urte inguru zeukan itxura ikusiz. Arratsaldean, Itturburu ostatuan mus txapelketa jokatu zen. 14 bikote aurkeztu ziren eta irabazleak Mari Carmen eta Estefani izan ziren. Asteburu Kulturala akitzeko, urtero egin ohi den bezala, Antzakaitz kultur taldeak, zari eder baten zozketa egin zuen. Florentino Gelbentzuri suertatu zitzaion.