Haren 15 urteak ospatzeko gaztetxeak programa berezi bat prestatu du. Joan den urrian kide ohi eta berrien arteko eguna antolatu zen. Eguerditan 150 bat pertsona elkartu ziren giro onean. Arratsaldean, gaztetxeko belaunaldi zahar eta berriko hamar bat gazteek eskainitako antzerkira eta poteora 300 pertsona hurbildu ziren. Bainan urtemuga honen ekintza aipagarriena apirilaren 14an iraganen da. Horretarako gaztetxeko kideek kontzertu mundiala antolatu dute. Clawfinger gaueko izar nagusia izanen da dudarik gabe. Haiez gain BKBO gaztetxeko taldeak idekiko du gaualdia. La Troba Kung-Fu kataluniar taldekoek hartuko dute segida. Ondotik Zpeiz Mukaki dantza txaranga tropak sorkuntza eder bat aurkeztuko du, Bad Sound System-ek bukatu aintzin.
- BKBO: saratar kinki-kor taldea. Anestesia moduko metal gogorra eskaintzen duen laukotea da. - La Troba Kung-fu: musikari katalandar ezagunez osatutako taldeak (ex Dusminguet, ex Jarabe de palo, ex Amparanoia) rumba, kumbia, besta eta dantzarako aire aproposak joko dituzte. - Clawfinger: aurtengo sentsazioa. Talde suediarrak Sarari sua emateko gaztetxearen komita onartu du. Europar bira erraldoian hiriburu edo hiri nagusiak bisitatuko ditu baita Sarako gaztetxearen 15 urteak ospatuko. Makina eta elektro doinuak metal kaineroari nahasi zizkioten lehenetarikoak izan ziren 1994ean. Talde mitiko bat pasako da Saratik, ez zazuela huts egin!!! Tokiak salgai dira elkar megadenda guzietan (Baiona, Irun, Donosti, Bilbo, Gazteiz, Iruña eta Tolosa), Tana ostatuan, sarako herriko ostatuan eta interneten bidez ticket net, fnac edo virgin web gunetan.