Apirilaren 9an eginen da Usategietako IX. Auto Igoera

Joseba eta Nerea 2006ko api. 25a, 13:33
ttipi-ttapa

Goizeko 9etarako itxiko da errepidea

Heldu den apirilaren 9an eginen da Usategietako IX. Auto Igoera. Urtero bezala, egun handia izanen da inguruko auto zaleentzat. Eguraldiak laguntzen badu bederen, jende aunitz hurbilduko da Usategietako errepide bazterretara goizean goizetik. Urtetik urtera arrakasta handiagoa du Usategietako igoerak eta Eguzki Sport Eskuderiako antolatzaileek aitzineko urtetako markak haustea espero dute aurtengo edizioan. Duela urte batzuk Gorosurreta auzoko bizilagunekin izandako tirabira batzuk kenduta, arazorik gabe ospatu da beti auto igoera. Inoiz ez da istripu larririk izan, ezta besta giroa oztopatu duen arazorik ere. Igoeraren lehiaketa-izaeratik kanpo, besta giro polita izaten da nagusi urtero. Euskal Herri osoko jendea hurbiltzen da Etxalarrera. Gazteak gehienbat. Rallyak eta auto-igoerak gustuko dituztenentzat egun markatua izaten da. Aurtengoan ere ez da guttiago izanen.

Goizeko 9etan itxiko da Usategietako errepidea. 10etan hasiko dira entrenamenduak eta ondotik, segidan, bi auto-igoerak eginen dira. 11tan lehenbizikoa eta 12etan bigarrena. Eguerdi alderako karrikara jautsiko dira auto guztiak eta arratsaldeko 3ak aldean izanen da sari-banaketa. Aitzineko ediziotan herriko auto-gidariek marka politak lortu dituzte. Ikusi beharko dugu aurten ere herritarren bat ateratzen den eta lan txukuna egitea lortzen duen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun