Bera bakarrik aritzen da lanean, «eta normalean barnean egiten dut lan, pintatzen eta bernizatzen. Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan aritzen naiz batez ere. Noizbait Iruñera ere joan izan naiz, baina hemen inguruan badago lana, eta hobe!».
Kolore eta gustu guztiak
Urteekin lana egiteko modua «aunitz» aldatu dela dio: «pintura motak, paretak lixatzeko makinak, bernizak… aukera gehiago daude gaur egun». Horrekin batera, jendeak eskatzen duena ere aldatzen ari da: «modak edo estilo berriek eragin handia dute. Lehen, adibidez, gotele aunitz ikusten zen eta orain inork ez du nahi. Paretetako paperak, aldiz, geroz eta gehiago jartzen hasi dira berriz ere».
Koloreei dagokienez, «orain denek xuria eta kolore argiak nahi izaten dituzte etxeko paretetan, jendea nekatu da kolore biziez. Nik ere nahiago ditut kolore argiagoak, xuriak eta beixak». Baina noski, «hori bakoitzaren gustuaren araberakoa da». Lan egiteko orduan ere eragina du: «xuriarekin lana azkarrago egiten da, sabai eta paretari kolore bera ematen baitzaio. Koloreekin kapa gehiago eman behar izaten dira».
Lanarekin «gustura» dago: «beti aritu izan naiz pintatzen eta hala segituko dut». Etorkizunera begira, errelebo faltak kezkatzen du gehien, «lan aunitz dago, falta dena lan egiteko jendea da. Gazteek nahiago dute lantegietan aritu obran baino, baina normala da». Sektore osoan eta eskualde guzian berdin ikusten du egoera, «agian orain badira igeltsero gazte batzuk ere, baina gutti. Ofiziotako jendea jubilatzen ari da baina guttik hartzen dute erreleboa. Hori bai, lana berdin-berdin izanen da eta norbaitek egin beharko du».
Inzakardiri dagokionez, «nik erretiroa hartzean ez dut uste enpresak segida izanen duenik, momentuz ez behintzat».