Cederna Garalurrek lehenbiziko aldiz sustatu ditu aurten aholkularitza kolektiboko saioak eta zazpi ekoizlek osatu dute taldea, batzuk profesionalak eta bertze batzuk ekoizten hasi nahi dutenak. Sustraiak Habitat Designeko Eber gidatzen ari da ekimena eta Baztan-Bidasoko eta Mendialdeko elikadura dinamizatzaileak ari dira antolakuntza lanetan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, saioetan zenbait gai jorratzen dituzte: «lurraren emankortasuna, biodibertsitatea, ekoizpen dibertsifikatuaren onurak, nekazaritza eta oihangintza sistemak, txandakako artzaintza, uraren kudeaketa, mikrobiologia… Egun bakoitzean saioetan parte hartzen duten ekoizle baten lursailera egiten dugu bisita, suertatzen diren zalantzak lekuan bertan argitzeko asmoz».
Lau egun gelditzen dira ekimena bukatzeko, eta «orain arteko balorazioa arras positiboa da: ekoizpen gaietako aholkularitza jasotzeaz gain, taldean lan egiteak elkarren artean ezagutu eta sare bat sorrarazten baitu». Ekintza hau 'Tokiko nekazaritzako elikadurarako bide berriak' lankidetza proiektuaren parte da, Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak finantzatuta, 2023-2027ko NPBren Plan Estrategikoaren (PEPAC) barnean.