Etxebizitza

«Eskulanean gustura aritzen naiz eta lanbide honetan hartu nahi nuke erretiroa»

Ttipi-Ttapa

Juantxo Juanotena, zurgina.

Juantxo JUANOTENA OIARZABAL, Juanotena Zurgindegia.

Ikusiz ikasten dela erran ohi da eta zurginez inguratuta hazi zenez, etxean ikasi zituen lanbidearen sekretuak Juantxo Juanotena Oiarzabalek. Hala kontatu du: «metalgintzako ikasketak egin nituen nik, baina ez dakit patuagatik edo izanen den... zurgin aritu izan naiz beti. Etxean denok gara zurginak».

Hamabi bat urte zituela hasi zen etxekoen tailerrera laguntzera joaten eta hogei urterekin bilakatu zen zurgintza bere ogibide: «tailer batean aritu nintzen lauzpabost lagunekin urte mordoxka batean eta 2017an nire kontura jarri nintzen». 

Gaur egun, eraikuntzarako lan aunitz egiten duela azaldu du: «zolak eta ateak paratzen, zokaloak, leihatilak, teilatuak, leihoak… Tailerrean prestatu eta gero behar duen tokian jartzea izaten da nire lana». Obrara joan aitzinetik, orduak ematen ditu tailerrean, «dena ahalik eta hobekien prestatuta eramaten saiatzen naiz». Ezagutza teknikoa eta urtetako esperientzia ditu eskaintzeko: «Eskulanetik ere aunitz du gure lanbideak; egiten duzun lan bakoitza desberdina da eta polita da hori. Pentsatu egin behar duzu nola egin gauzak, aukera posibleak baloratu eta bezeroaren eskaeretara hobekien egokitzen dena proposatu».

Azaldu du etxe bat egiterakoan zurgina izaten dela azkenetarikoa sartzen den gremioa eta hori nabaritu egiten dela: «Igeltseroarekin hasten dira gastatzen; gero, elektrizista eta iturgintza lanak etortzen dira… eta pintore eta zurginera ailegatzerako gerrikoa estutzen hasten da jendea».

Aldaketa

Egurraren prezioa garestitu izanak ere eragin du eta «alternatiba merkeagoek» indarra hartu dute: «Egia da etxebizitzetan geroz eta gehiago ikusten dela egurra. Erabiltzen den egurra, ordea, ez da trinkoa. Ikusten dena egur kolorea dela erranen nuke... melaminak baitira, gehienbat erabiltzen direnak».  Erosteko orduan ere lehentasunak aldatu direla uste du: «Jendeak altzari bat erosten duenean momentuko modak hartzen ditu kontuan, maribistarako egiten du jendeak eta egur trinkoarekin ez da egiten hori». Juanotenak dionez, altzariei ematen zaien balioan eta beteko duten funtzioan eman da aldaketa handiena: «garai batean armairu bat erosten zenuenean, bizitza osorako altzari bat erosten ari zinen, nolabaiteko inbertsio bat zen. Aunitzetan belaunaldiz belaunaldi igaroko zen... orain lehenago aspertzen gara eta kontuan izanik ez dela bizitza osorako zerbait izanen, jendeak ez du gastu hori hain erraz egiten».

Eskaera berezietarako bai, orduan joaten zaizkio neurrira egindako altzarien eske: «Altzari bereziren bat, mahaiak, armairuren bat… enkarguz gisa honetako lanak egiten ditut. Elkarte edo txoko baterako pieza berezi bat, kapritxo berezi bat nahi dutenak etortzen dira». Horiek badakite, lan horien gibelean zer dagoen: «ordaintzeko prest dagoen jendea da. Altzari hauen prezioa bertze bat da, eskulana dago, ordutako lana eta emaitzan ere nabaritzen da. Ezin da saltoki handiek saltzen dituzten altzari merkeekin alderatu». 

Egurrezko leihoen eskaerak ugaritu zaizkio azken urteetan: «leiho aunitz ari gara jartzen. Arrunt leiho onak egiten dira eta aukera aunitz daude. Bide batzuk itxi dira, baina bertze batzuk ireki...». Argi du zer den egin beharrekoa: «bezeroak zer nahi duen aditu, eta bere aurrekontura egokitzen diren aukerak eskaintzea da orain gure lana».

«Eskulan faltak eta erreleborik ez egoteak kezkatzen nau. Denok gabiltza ezinean eta ez dago lanerako jenderik».

Erreleboa

Eraikuntzako sektorean ari diren gehienei bezalaxe, «eskulan faltak eta erreleborik ez egoteak» kezka eragiten dio Juanotenari: «denok gabiltza ezinean eta ez dago lanerako jenderik». Ez du uste epe motzean gauzak aunitzik aldatuko direnik: «lanbide honetan orduak sartu behar dituzu eta gaur egun jendeak ez du hori nahi. Zortzi orduz lanean aritu eta etxera lasai joan nahi dute. Autonomo aritzen denak ez du behin ere fitxatzen eta burua beti lanean du». Badu alde onik ere, «eskulanean arituz gozatzen dut nik eta lanari neurria hartzen asmatuko bagenu, norbere nagusia izatea ere ez hain txarra». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun