Eguberrietako Buruz Buruko Erremonte Txapelketa aurkeztu dute Elgorriagako Balnearioan

Ttipi-Ttapa

Eguberrietako Erremonte Txapelketako aurkezpenean Nuria Mutuberria (Elgorriaga Bainuetxea) Otano, Mateo Vivar (Martiko), Otxandorena eta Alfredo Arruiz (Erremonte Fundazioa).

Eguberrietako Banakako Erremonte Profesionaleko Txapelketa-2026ko Martiko Sari Nagusiaren aurkezpena egin zuten asteazken arratsaldean Elgorriaga Bainuetxean. Donezteben jokatuko dute final laurdenetako kanporaketa larunbat honetan, baita lehenbiziko finalerdia eta finala ere. Bigarren finalerdia Agoitzen jokatuko dute.

Final laurdenetako kanporaketa larunbatean jokatuko dute Donezteben Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrek eta Barricartek eta finala ere Donezteben jokatuko dute abenduaren 19an

Donezteben eta Iruritan jokatutako aurre kanporaketetatik txapelketa jokatzeko urratsa eman duten David Mitxeo doneztebarrak eta Barricartek, Xanti Utergarekin batera, final laurdenetako kanporaketa jokatuko dute azaroaren 28an, larunbatean 18:00etan hasita Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Kanporaketa honetako lehenbizikoa eta bigarrena finalerdietara pasatuko dira. Lehenbizikoak, iaz txapeldunorde izan zen Eloy Otxandorena doneztebarraren kontra jokatuko du abenduaren 5ean Donezteben eta bigarrenak, iaz txapelduna izan zen Otanoren kontra abenduaren 12an Agoitzen. Finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute abenduaren 19an Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Finala zuzenean emanen du Navarra TVk.

Txapelketa EM Navarra, Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen alde jokatuko da eta jaialdietako sarrerarekin biltzen den dirua elkarte honetara bideratuko dute. Elgorriagako aurkezpenean izan zen elkarteko Luismi Saragueta, eta baita Elgorriaga Bainuetxearen, babesle nagusia den Martiko enpresaren, Doneztebeko Udalaren eta Erremonte Fundazioaren ordezkariak ere, txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun