Laxoa babesik gabe utzi gabe, Oizko etxeak babesteko proposamena egin du Laxoa Elkarteak

Ttipi-Ttapa

Laxoa Elkarteko kide den Daniel Carballo Ostolaza arkitektu eta irakasleak egindako babes proposamenaren simulazioa: sareak Oizko plazara eta jokoaren beharretara egokituak.

Oizko laxoa plazan babes-sareak eta zutoinak jartzeak esku hartze zehatz batetik harago doan eztabaida piztu du. Argi dago etxebizitzak babestu behar direla, teilatuetan eta leihoetan kalteak saihestu eta auzotarren zein bisitarien segurtasuna bermatu. Baina jokoa eta hura praktikatzeko behar diren baldintzak ere babestu behar direla uste du proposamena egin duen Laxoa Elkarteko bazkide den Daniel Carballo Ostolaza zumaiarrak. EHUko Hirigintza irakasle-ikertzailea, COAVNeko peritu arkitektoa, arkitekto doktorea, Pilotarien Batzarreko bazkidea eta Zubieta Pilota Elkarteko pilotaria ere bada Carballo.

Laxoa Nafarroako Gobernuak Kultur Intereseko Ondasun (KIO) immaterial izendatu zuen 2019an. Hala ere, kontraesan bat dago: jokoa babestuta dago, baina ez dira berariaz babestu jokoa egiten den espazio fisikoak. Laxoan, bertze pilota modalitate batzuetan ez bezala, plaza ez da jokatzeko lekua soilik: jokoaren beraren parte da.

Oizko plazaren oraingo egoera: zutoinek joko eremua hartzen dute.

Oizko kasuan, funtsezko lau gai planteatzen ditu Daniel Carballo Ostolazak: Laxoa babestua dago, baina haren plazak ez; etxebizitzak babesteak ez du erran nahi plaza zutoinez eta sarez betetzea; plazen arkitektura beti egokitu izan zaio jokoari eta Oizko Udalak jokoaren eta eraikinen babesa koordinatu behar du.

Azken honen ondorio gisara idatzian ageri denez, «etxebizitzen babesa eta laxoaren kontserbazioa aurrez aurre jarri beharrean, esku hartzeko irizpide bat ezartzeko balio dezake; Arraiozen, Donezteben eta Iruritan ere erabilgarria izan daiteke, baita modalitate hau mantentzen duten gainerako plazetan ere. Ondarea ez dago eraikin historikoez soilik osatuta. Eraikin horiei eta espazio publikoei forma eman dieten erabilerak, harremanak eta jarduerak ere ondarearen parte dira. Laxoak bere plazak eraiki ditu historian zehar. Orain, haren babesa egungo beharretara egokitzeko erantzukizuna dugu. Etxebizitzak babestea beharrezkoa da. Laxoa babestea ere bai. Eta ongi egiteak biak batera babestea erran nahi du».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun