Piz&Lohi Jaialdiaren zazpigarren edizioa ekitaldiz gainezka dator asteburuan Zubietan

Ttipi-Ttapa

Piz&Lohi jaialdiaren ostiral arratseko emanaldian izanen da Petti musikari beratarra.

Zubietako Piz&Lohi musikaren zazpigarren edizioa azaroaren 27an eta 28an antolatu dute Ozpinduk taldeko kideek eta horien inguruan bildutako lagunek. Ostiral gauean Bidenabar, Purpurine eta Petti izanen dira eta larunbatean beste hainbat musika talde.

Ostiralean, Bidenabar eta Purpurine taldeek eta Petti musikari beratarrak eskainiko dituzte beraien emanaldiak eta DJ Toxminarekin (Txomin Lotzaina) borobilduko dute gaua. Taloak ere izanen dira.

Ostiralean lehen musika doinuak adituko baldin badira ere, larunbata izanen da Piz&Lohi jaialdiaren egun handia. Ohi bezala, bazkaria izanen dute antolatzaile eta laguntzaileek estalpean eta bazkalondoan, Moira, Krank, Irikai, Luzoker, Lauso, Zolda eta Makusai musika taldeen emanaldiak izanen dituzte. Norberak bere edalontzia eramateko deia ere egin dute antolatzaileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun