Etxebizitza

«Lana beti izan dugu eta hagitz eskertua nago jendearen erantzunarekin»

Ttipi-Ttapa

Javier IBARRA IRAZOKI, Javier Ibarra Eraikuntzak.

Eraikuntza «afizio eta ofizio» du Javier Ibarra Irazokik. Halaxe aitortu dio TTIPI-TTAPAri. Lanbidea «betitik gustuko» izan duela erranez segitu du eta zaletasun horri atea irekiz sortu zuen duela hamalau urte Javier Ibarra Eraikuntzak enpresa.

Enpresa sortu baino lehen, obra zibilean ibili zen sunbildarra, eta 2012an, eraikuntzara salto egitea erabaki zuen. Orduan sortu zuen bere enpresa. Geroztik enpresa handitzen eta bere ibilbidea egiten ari da: «Nire kabuz hasi nintzenean, bi lagun ginen. Esperientzia eta konfiantza hartu ahala, lan eskaria ere goratu zen, eta langile gehiago kontratatzen hasi nintzen. Gaur egun, sei lagun gara: bortz kanpoko lanetan eta bat bulegoko lanean».

«Gremioen koordinazioa ere egiten dugu eta horrek bezeroari lasaitasuna eta arintasuna ematen dio»

Lanari dagokionez, «orokorrean, mota guzietako eraikuntza lanak» egiten dituztela kontatu du: «etxebizitzak, zaharberritzeak, teilatuak, komunak, lurzoruak, harri lanak... Bezeroaren beharretara egokitzen gara». Ez hori bakarrik. «Gremioen koordinazioaz» ere arduratzen dira eta horrek «bezeroari lasaitasuna eta arintasuna» ematen diola azpimarratu du. Klase bateko eta bertzeko lanak izan, denak mimoz egiten saiatzen da Ibarra eta bere lanetik gehien gustatzen zaiona zer den galdetuta, «galdera zaila» dela erantzun du. Hori bai, onartu duenez, «azken urteotan baserri zaharrak zaharberritzea tokatu izan zaigu eta aunitz gustatzen zait gure eskualdeko etxeak berpizten ikustea. Hagitz polita da».

Zerbitzu ona emateko, berriz, «sekreturik ez dagoela» uste du: «Enpresa zintzoa eta hurbila gara. Beti argi eta konfiantzarekin solas egin izan dugu. Bezeroari gure zerbitzurik hoberena eskaintzen diogu, bertzerik gabe». Eta norbaitek obraren bat egiteko intentzioa baldin badu, hona bere aholkua: «Bakoitzak bere egunerokoa kontuan hartu behar du, bere beharretara eta erosotasunera egokitzen den eraikuntza lortu ahal izateko».

Erronka

Hamalau urteko ibilbidean ez omen du aldaketa adierazgarririk sumatu; «berdintsu» segitzen duela eta «sektorea bizirik» dagoela erran du. Eraikitzeko modua ere «berez, ez da sobera aldatu», bere hitzetan. Aldatu dena diru kontua izan da: «Azken urteotan materialen prezioa aunitz goratu da eta horrek bezeroei bertzelako proposamenak aurkeztera eraman gaitu, prezioaren eta kalitatearen arteko oreka mantentzeko».

Baina hortik haratago, sektoreak badu bertze erronka bat sunbildarrak ohartarazi duenez: langile falta. «Zerbitzua eskaintzen dugun bertze enpresa aunitzetan bezala, eskulaneko langile kualifikatuak aurkitzea da gaur egungo arazo handienetako bat». Hortaz, inportantea iruditzen zaio «gazteak gure ofiziora, eta nire kasuan afiziora, erakartzea. Lehenbiziko, formakuntza sustatu behar da, eta ondotik, lan mundura gureganatu».

«Gazteak gure ofiziora erakarri behar ditugu. Hasteko formakuntza sustatu eta ondotik lan mundura gureganatu»

Izan ere, lana egon badago. Ibarrak enpresa martxan paratu zuenetik krisi garairik ez duela ezagutu aitortu du; eta gehitu duenez, «ez dut ezagutu nahi». Bere egoera bertzelakoa da: «Hagitz kontent nago. Lana beti izan dugu eta gaur egun ere buru-belarri ari gara inguruko herrietan. Hagitz eskertua nago jendearen erantzunarekin». Ez hori bakarrik. Gainera, langileak behar ditu. Horregatik egin du «gure enpresara lanera etortzeko gonbita: Norbaitek interesa izanen balu, nirekin harremanetan jar dadila konfiantza osoarekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun