8 eta 12 urte bitarteko haurrendako izanen da eta 18:00etan hasita, ordu eta erdiko saioa izanen da. Parte hartzaileek genero berdintasunari, feminismoari eta emakumeen eskubideen aldeko borrokari buruzko hainbat erronka gaindituko beharko dituzte. Dinamiken eta jokoen bidez, emakumeek historian lortutako eskubideak ezagutuko dituzte, baita gaur egun oraindik ere gertatzen diren desberdintasun eta diskriminazio egoeren inguruan hausnartu ere. Parte hartzeko aitzinetik eman beharko da izena.
Gainerakoan, hilaren 25ean elkarretaratzea, dokumentala eta solasaldia izanen dituzte Malerrekan. Alde batetik, 12:00etan, elkarretaratzea eginen dute Donezteben, eskolaren eta institutuaren pareko biribilgunean. Bertzalde, Doneztebeko Udalak ere bat egin du emakumeenganako indarkeria matxistaren kontrako borrokarekin, eta arratsaldean, Nagore Laffageri buruzko dokumentala ikusgai paratuko du. Gainera, Asun Casasola Laffage zenaren ama gonbidatu dute eta berarekin solasaldia izanen da.
Berdintasun zerbitzuak jardueretan parte hartzeko deia egin du eta hala, «aldaketaren aldeko mugimenduarekin bat egiteko» eskatu die herritarrei.