[ARGAZKIAK] Giro ederra izan dute Doneztebeko feria eguneko goizean

Ttipi-Ttapa

Eguraldiak errespetatu du eta giro ederra izan dute Doneztebeko ferietan, ortzirale goizean. Hainbat behi eta ardi azienda ere plazaratu dituzte eta 140 bat salmenta postu ere paratu dituzte. Bezperako euririk gabe, gustura ibili da jende harat eta honat.

Nafarroako aizkolari txapelketa eta Euskal Herriko emakumezkoen arpana txapelketa

Nola ez, azienda eta salmenta postuez gain, herri kirolak izaten dira Doneztebeko ferietako ezinbertzeko osagaia. 2026ko Euskal Herriko Emakumezkoen Arpana Txapelketarekin hasiko da jaialdia 18:00etan. Bortz bikote ariko dira nor baino nor,, tartean, Saioa Dendarieta eta Leire Arraztoa iruritarrak. Baztandarrekin batera, Uxue Ansorregi eta Aurkene Aroka; Sara Jimenez de Aberasturi eta Maite de Felipe; Garbiñe Lopez de Uralde eta Ruth Linaza eta Ainhoa Iraizoz eta Maria Iraizoz ariko dira. Bikote bakoitzak 45 ontzako hamabortz ebaketa egin beharko ditu eta horretarako gisa guztietako trontzak erabili ahal izanen dituzte.

Segidan, Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatuko dute Ibai Soroak, Iker Vicentek, Jon Rekondo leitzarrak, Txomin Amundarainek eta Eneko Saralegik. Lekunberriko kanporaketan ezustekoa eman eta Soroak Vicenteri irabazi ondotik, lehia bizi-bizia espero da.Txapela lortzeko lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko dituzte aizkolariek. Jaialdira sartzeko hamabortz euro ordaindu beharko dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun