Hortinova proiektuak baratze-alternatiba bideragarriak bilatzen ditu Baztan-Bidasoan eta Mendialdean, erreleboa eta pertsona berriak sektorean sartzea sustatzeko
Aierdi kontseilariak azpimarratu zuen «pertsona berriak nekazaritza-jardueran hasteko aukera berriak bultzatzearen eta ekoizpen-dibertsifikazioa sustatzearen garrantzia. Azken hori lurralde bakoitzaren ezaugarri eta ahalmenetara egokitutako ereduen bidez egiten da».
Topaketak lursailean eskala txikira ekoitz daitezkeen barazkien hainbat aukera ezagutzea eta esperientziak partekatzea ahalbidetu zuen, baita jarduera horrek lurraldeari eman diezazkioken aukeren inguruko iritziak ere.
Landa ekonomia dibertsifikatu eta belaunaldi erreleboa lagundu
Hortinova proiektuak xede du landa ekonomia dibertsifikatzea, belaunaldi erreleboari laguntzea eta ekonomikoki bideragarriak diren alternatiba teknikoak garatzea, Baztan-Bidasoa eta Mendialdeako ekoizleentzat. Horretarako, baratzeko laboreen saiakuntza frogagarriak egitea aurreikusten da bai aire zabalean, bai berotegian, eta helburua eskualde horietako aldaerak eta testuinguru agroklimatiko zein sozioekonomikora egokitutako ekoizpen-sistemak eta merkaturatze aukerak ebaluatzea da.
Testuinguru horretan, INTIA lankidetzan ibili da Cederna-Garalurrekin proiektua garatzeko eta Juansenea finka esperimentala berreskuratu du. Finka horrek hiru hektarea ditu, Donezteben dago, eta bertako nekazarien eskura paratu dute, esperimentatzeko, erakusteko eta ikasteko eremu izan dadin. Finkak lursailean laboreen portaerak egiaztatzea eta ekoizpen-jarduera horren aukerak sektorera gerturatzea ahalbidetzen du.
Jardunaldiak kanpoko lurzatietara eta berotegietara egindako bisita bat eduki zuen, eta bisita horretan aurkeztu zituzten, hain zuzen ere, azkeneko hilabeteetan jarritako laboreak. Era berean, nekazaritza sektoreko langileek parte hartu zuten Cederna Garalurrekin batera lankidetzan eginiko lan-saio batean. Lan-saio horretan ekintza planean definitutako bost jarduketa ardatzak azaldu zituzten eta partaidetza dinamika bat egin zuten aukerak, premiak eta egon daitezkeen lan ildo partekatuak identifikatzeko. Prozesu hori tokiko eremuan Ekintza Plan bat sortzeko oinarri izanen da.
Atlantikoko klimara egokitutako saiakerak eta aldaerak
Juansenea klima atlantiarrean dagoen eremu batean dago, eta haren ibilbidean zehar esperientzia eta saiakera aunitz egin dira, hainbat landare espezie eta aldaerekin, bai kanpoan, bai berotegian.
Gaur egun kanpoko lurzatiek irailean landatutako dozena bat labore dituzte: aza, azalorea, brokoliren bi aldaera, ziazerbak, zerba berdeak, Tuterako kardu zuria, porruak, urazak edo letxugak eta eskarola kizkurrak (aingeru-adats modalitatea).
Bertzalde, berotegiak bi zerba aldaera ditu urritik (horia eta berdea), baita bi letxuga aldaera (negukoa eta batavia), neguko ziazerba erraldoia eta borraja ere.
Gainera, finkak bertako sagarren aldaera zaharren bilduma bat du, Nafarroa iparraldeko baratzeetan eta larreetan egindako prospekzio batetik datozenak. Laurogeiko hamarkadaren hasierako bilduma horrek, guztira, 253 aldaera ditu jasota.
Malerreka Common Zerbitzuak kudeatutako lizitazio baten bidez kontratatutako langileek lursaila prestatu dute eta mantentze, kontserbazio eta ongarritze lanak egin dituzte.